Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarri duenez, bihartik aurrera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 12 urtetik gorako herritarrek koronabirusaren kontrako bakuna hartzeko aukera izango dute. Osakidetzaren web orrira jo beharko dute hitzordua eskatzeko. Eusko Jaurlaritzako iturrien arabera, hiru herrialdeetan 12 eta 15 urte bitarteko 87.000 gazte baino gehiago dago. Sagarduiren asmoa da, datorren ikasturtea hasten denerako adin tarte hori txertatuta egotea.
Bestalde, Osasun Sailak txertaketa kanpainari buruzko kopuru batzuk jakinarazi ditu. Gaur egun, 16 urtetik gorako herritarren %62k baino gehiagok bukatuta du txertaketa-prozesua. 29 urtetik beherako herritarren kasuan 146.094 hitzordu esleitu dituzte honezkero. Bestalde, Jaurlaritzak jakinarazi du AstraZenecaren bigarren dosiaren zain dauden 60 urtetik gorako herritarren txertaketa datorren astean amaituko dela.