#0km

Durangaldeko baserritarrek pozik hartu dituzte produktuak banatzeko egunak merkatu plazan

Zapatuan Produktuen Egunen lehen jardunaldia egin zuten Durangoko baserritarren merkatuan. Bezeroek gazpatxoa eta salmorejoa dastatzeko aukera izan zuten, produktuak han erostearen truke.

Pizgarritxo bat dira, baserritarren merkatuari bultzadatxo bat emateko modua. Eta lehenengoa gazpatxo eta salmorejo artean egin dute. Durangoko baserritarren merkatuak Produktuen Egunak inauguratu zituen zapatuan. Bertara joandako herritarrek Andaluziako zopa freskoak probatzeko aukera izan zuten, etxerako erosketak merkatuan bertan egin izanaren truke.

Gema Agirre abadiñarrak astebururo jotzen du Durangoko merkatura, baserriko produktuak saltzera. Ondo ikusten ditu horrelako egitasmoak. "Jendeak sorpresaz hartu zuen egitasmoa, eta batzuk animatu ziren salmorejoa probatzera. Horrelako gauzak ondo daude. Zerbait egin behar da, apurka-apurka bada ere. Abiapuntu bat dira", dio Agirrek. Oromiñoko Sabin Bilbao ekoizlea ere bat dator irakurketa horregaz. "Horrelakoak ondo topatzen ditut. Dena dela, informazio gehiago behar da. Jende askok ez zuen egitasmoaren berririk. Ni salmorejoa sekula probatu bakoa nintzen eta gustatu zitzaidan", azaldu du Bilbaok.

Lehen jardunaldi hau, Udalak, baserritarrek eta Saltsan katering etxeak antolatu dute elkarlanean, eta etorriko dira gehiago. Ekoizleen lana ezagutzeari lotutako egunak izango direlako aurrerantzean, eta baita produktuei eskainiriko beste egun batzuk ere. Hurrengoa, irailaren 4an. Egun horretan, erosketak merkatuan egiten dituztenek, piperminak edo Gernikako piperrak probatu ahalko dituzte.

Erlazionatuak

"Eguraldi beroarekin jendeak gustora hartu ditu salmorejoa eta gazpatxoa”

Durango

Rober Barquín (Durango, 1980) Saltsan katering enpresako behargina da. Produktuen lehenengo egunean parte hartu du, erosketak merkatuan egin...
Durangaldeko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bitartez jaso gura dituzu? Hauek dira bi aukerak.

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @anbotokomunikabideak kanalera.