Bizkaiko Batzar Nagusiei buruzko argazki erakusketa ipini dute Ibaizabal parkean

Ekaitz Herrera 2021ko uzt. 1a, 13:41

12 panelez osatutako erakusketa da, argazkiak eta azalpenak dituena. Uztail osoan egongo da ikusgai.

Bizkaiko Batzar Nagusiak ezagutuz erakusketa inauguratu dute, goiz honetan, Durangon. Argazkiz eta azalpenez osatutako formatu handiko 12 panel ipini dituzte, eta uztail osoan zehar egongo da ikusgai, Ibaizabal parkean. Erakusketa ibiltaria da. Duela lau hilabete Bilbon ipini zuten ikusgai, Getxon gero, Portugaleten ondoren, eta, Durangon orain. Hemen emango diote bukaera ibilbideari.

Paneletan Bizkaiko Batzar Nagusiei lotutako eraikin ikonikoak eta une historikoak jasotzen dira. Besteak beste, Gernikako batzar etxeari, Gernikako arbolari, Gerediagako Foru Zelaiari edo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lehendakariei buruzko irudiak daude bertan. Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari Ana Otaduiren esanetan, erakusketak "Batzar Nagusien kultur aberatsa" islatu eta "bizkaitar guztien ondarea" zabaltzen du. Durangoko alkate Ima Garrastatxuk "harro eta pozik" hartu du erakusketa. "Erakusketa oraindik ikusi ez duten durangarrak zein Durangaldeko herritarrak gonbidatzen ditut bertara".  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!