Ostadar koloreak lau haizeetara, genero, identitate eta sexualitate askatzaileak aldarrikatzeko

Ekaitz Harrera 2021ko eka. 28a, 13:57

Egun euritsuak izaten ari diren arren, ostadarrak lortu du Durangaldeko kaleetan kuku bat egitea. Presente dago. Kaleetan, eraikin publikoetan, mobilizazioetan. Ekainak 28 ditu gaur, eta LGTB Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da. 

Mobilizazioek eta adierazpen politikoek kaleak hartu dituzte, gizarte egitura zis, hetero eta patriarkalaren aurrean bestelako identitateak eta harremanak ere badirela aldarrikatzeko. Egunik potoloena gaurkoa da. Baina asteburuan zehar hainbat ekitaldi egon da Durangaldeko kaleetan. Bestalde, gaur hainbat adierazpen instituzional eta ekitaldi egongo dira. 

  • Durangon, Bilgune Feministak irakurketa feminista egin zuen barikuan, eta, gaur, Durangoko Udaleko ordezkari politikoek adierazpen instituzionala irakurri dute. Besteak beste erasoei aurre egiteko protokolo baten lanketa eta bitartasuna gainditzeko neurriak iragarri dituzte. Arratsaldean zehar Andra Mariko arkupe bat ostadarraren eta transexualitatearen koloreez argiztatuta egongo da. Horrez gainera, DJ feminista bat arituko da.
  • Zornotzako Akelarre plataformak manifestazioa egin zuen zapatuan, eta gaurko egunari begira Bilboko manifestaziora joateko deia egin du. Moyua plazatik hasiko da, 18:30etan. Udalak ere hainbat ekitaldi antolatu ditu. Ostadar koloreko bandera udaletxeko balkoian ipinita dago luze eta zabal, eta agintariek ostalariei dei egin diete ostadar koloreko ikurrak establezimenduetan ipintzeko.
  • Elorrion ere, beste horrenbeste. Udalak antolatuta, gaur 16 urtetik gorakoentzako ginkana bat egingo dute plazan. 12:30etatik 14:00etara eta 18:00etatik 19:30etara izango da. Horrez gainera, stand informatibo bat eta liburutegitxo bana ere ipiniko dituzte.
  • Abadiñon, aldarrikapenak izango dira gaur. Izpilikuak Talde Feministak deituta, Sexu Askapenaren aldeko mobilizazioa egingo dute gaur, herriko historian lehen aldiz. Mobilizazioa 20:00etan izango da BBKren sukurtsalaren aurrean. Bestalde, Stonewalleko altxamenduari buruzko erakusketa bat ere egongo da ikusgai.
 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!