Durangaldeko EH Bildu: "Premiazkoa da Lehen Arretako osasun zerbitzua bermatzea"

Ekaitz Herrera 2021ko eka. 16a, 19:11

Durangaldeko EH Bilduko zinegotziek agerraldia egin dute Traña-Matienako Osasun Etxearen aurrean. Eskualdeko osasun zerbitzuetan "murrizketak" ematen ari direla kritikatu dute, eta nabarmendu dute egoera hori "pandemia baino lehenagotik" datorrela.

Azalpenak eman dituen kideetako bat Mañariko alkate Ainara Otxotorena izan da. Bere esanetan, lehen arretak "paper garrantzitsua" jokatzen du osasun zerbitzuetan, eta ezinbestekotzat jo du herritarrentzako "zerbitzu duin eta iraunkorra bermatzea". Gainera, jendartea gero eta adinduagoa dela kontuan hartuta, "arreta komunitario baten aldeko apustua" egin behar dela azpimarratu du.

Egoera, herrika

Naiara Bildosola zinegotzi abadiñarrak Durangaldeko herrietan sortzen ari diren arazoak deskribatu ditu. Batetik, Traña-Matienakoa. Bertako pediatra duela hiru aste jubilatu zen, eta gaur gaurkoz berau ordezkatzeko "plangintzarik" ez dagoela kritikatu du. Puntu honetan legoke, EH Bilduren esanetan, gakoetako bat. Hain zuzen ere, Traña-Matienako egoerak gainerako osasun zentroen antolaketari eragin diezaiekeelako. Adibidez, Atxondokoari. Ane Intxausti zinegotzi atxondarrak azaldu du, orain arte, Zelaietako pediatra astean bitan joan izan dela Atxondora. Baina orain, Trañako umeak artatzeari ekingo badio, Atxondoko zerbitzuarekin zer gertatuko den ez dakitela.

Koalizio subiranistako kideek beste hainbat arazoren berri eman dute. Berrizko eta Zaldibarko osasun etxeek irisgarritasun arazoak dituztela esan dute, eta zornotzarrek, "anbulatorio berria izan arren", plakak egitera Durangora jo behar izaten dutela. Izurtzako eta Mañariko egoerei buruz ere, antzeko. Astean bitan izan ohi dute arreta presentziala, baina Otxotorenak "premiazkoa" iritzi dio bi herri horietan, zein eskualde osoan, lehen arreta “duin eta iraunkorra” bermatzeari. Hau guztia dela eta, EH Bilduk mozioak erregistratuko ditu eskualdeko osoko bilkuretan, besteak beste, "Osasun Sailari lehen arreta indartzea eskatzeko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!