“Topaketa honek Iurretan talde bat egituratzen hasteko balio dezake”

Ekaitz Herrera 2021ko eka. 11a, 13:10

Leire Etxano Sarrionandia (Iurreta, 2002), Maitane Totorika Del Amo (Iurreta, 1999) eta Irati Areitio Sopelana (Iurreta, 2001) anfitrioi lanetan egongo diren kideetariko batzuk dira. Hirurak irrikan daude domeka ailegatzeko. Guztira, Durangaldeko 90 neska gazte baino gehiago batuko dira Iurretako plazan.

Iurretako plazan dantza nagusi. Eta ‘Biribilketa’ bada dantza mota bat. Baina domekakoa oso bestelako zerbait izango da. Zer da Biribilketa Feminista?
Maitane Totorika: Funtsean, Durangaldeko neska gazteon topaketa da. Biribilketa Durangon egin zen orain hiru urte. Orain urte bi, Zaldibarren. Iaz, pandemia dela-eta, ezin izan genuen topaketarik egin. Aurten, elkar saretzeari ekingo diogu berriro ere.
Irati Areitio: Topaketak egiteko deia Zornotzako Suhaziak taldearen partetik etorri da. Batzar telematikoak egiten hasi ginen lehenengo. Presentzialak gero. Azkenean, topaketak Iurretako plazan egitea erabaki genuen.

Domekakoa neska gazteen topaketa izango da, beraz. Zeintzuk dira emakume eta gazte lez landu gura dituzuen gaiak?
M.T.:
Esango nuke gazteak izanagaitik baditugula arazo batzuk, eta horri gehitzen badiogu neskak garela, bada, beste hainbat arazo pilatzen zaigu. Gizartea matxista da oraindino ere. Argi dago gazteok larrialdi egoera batean gaudela. Ez dugu emantzipatzeko aukerarik. Ez dugu lan baldintza onak izateko aukerarik, eta neska izanda, oraindino gutxiago. Lan askotan neska izateagaitik hartzen zaituzte. Edo kontrakoa, neska izateagaitik ez zaituzte hartzen. Genero arrakala da hori.
Leire Etxano: Azken finean, etorkizuna gu garenez gero, argi dugu ez dugula etorkizun matxista bat gura.

Zein aktibitate egingo dituzue domekan?
I.A.: Hasieran neska-gazte kontzeptuaz hausnartuko dugu. Gero, Durangaldeko herri bakoitzean mugimendu feminista zelan dagoen aztertuko dugu. Herri bakoitzeko ordezkariek berba egingo dute. Arratsaldean honako tailer hauek egingo ditugu: transexualitatea, lodifobia, desheteronormatibitatea eta sare sozialak. Horrez gainera, serigrafia tailerra eta kontzertuak izango ditugu.

Herri bakoitzak bere diagnosia aurkeztuko duela esan duzue. Zein da Iurretan egiten duzuen diagnosia?
I.A.: Iurretan, bere horretan, ez dago neska gazteen talde antolatu bat. Zerbait kaleratu behar izan denean Gazte Asanbladak hartu du ardura hori, nahiz eta neska gazteak egon garen horren atzean.
M.T.: Batek daki, beharbada topaketa hauek talde bat egituratzen hasteko balioko digute. Badugu horretarako beharrizana.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!