Araitz Villa, Ainhoa Colino, Julen Pedraza, Aitor Sandino eta Bitor Delgadok dominak irabazi dituzte Euskadiko Atletismo Txapelketan

Anboto 2021ko eka. 10a, 11:06
Bidezabal taldeak Bizkaiko txapelketan parte hartu zueneko artxibo irudia.

Lau atleta Bidezabalen dabiltza eta bat Sekulebedarran.

Joan zen asteburuan Euskadiko atletismo txapelketa lehiatu zuten Durangoko pistan. Eskualdeko taldeek 16 domina irabazi zituzten: zortzi Bidezabalek, zazpi Durango Kirol Taldeak eta bat Sekulebedarrak.

Lau domina Bidezabalen dabiltzan eskualdeko atletek lortu zituzten. Araitz Villa abadiñarrak zilarra eskuratu zuen 5.000 metrotan eta Espainiako txapelketara sailkatzeko gutxieneko denbora lortu zuen: 17.48.12.

Abadiñarraren kolore bereko domina jantzi zuen Ainhoa Colino berriztar gazteak 5 kilometroko martxan eta espezialitateko euskaldunik onenen artean dagoela konfirmatu zuen beste behin.

Julen Pedraza berriztarrari brontzea balio izan zion xabalina 47.90 metrora jaurtitzeak. Durangon ez zuen bere marka pertsonala hobetzerik lortu, aurreko zenbait txapelketatan egin duen moduan, baina hala ere marka ona da.

Aitor Sandino zaldibartarrak 5.000 metroetan lortu zuen brontzezko domina. Aurten nabarmen gora egin du bere errendimenduan.

Eskualdeko bosgarren domina Sekulebedarra taldeko Bitor Delgado abadiñarrak irabazi zuen. Xabalina 52.65 metrora jaurtita, zilarra jantzi zuen kirolari abadiñarrak.

Gainerako dominak

Honako hauek izan ziren Bidezabalen gainerako dominak: Ainhoa Idoiaga portugaletetarrak eta Judith Otazua gernikarrak urrea jantzi zuten 400 metro hesietan eta 800 metrotan, hurrenez hurren; Leire Gorritxategi ermuarrak zilarra irabazi zuen xabalina jaurtiketan, eta, Julene Bouzo ermuarrak brontzea altura jauzian.

Durango Kirol Taldeko atleten dominak honako hauek dira: Joseba Plagaro zallarrak urrea 3.000 oztopo proban; Oscar Cuevas ermuarrak urrea disko jaurtiketan; Aimar Vicente basauriarrak zilarra altura jauzian, eta, Aiert Azkarate ondarrutarrak zilarra eta brontzea pisu jaurtiketan eta disko jaurtiketan, hurrenez hurren; Damian Ares berriatuarrak zilarra lortu zuen salto hirukoitzean eta Antonio Porcel dulantziarrak brontzea 10.000 metroko martxan.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!