Beñat Gaztelurrutia izango da Gerediaga elkarteko kudeatzaile berria

Anboto 2021ko eka. 7a, 15:09

Gaztelurrutiak urte askoan egin du lan euskalgintzan. Plateruena Kafe Antzokiko zuzendaria izan zen eta hartu eman handia izan du Durangoko Azokagaz.

Gerediagak jakinarazi du aurrerantzean Beñat Gaztelurrutia abadiñarra izango dela elkarteko kudeatzailea. Gaztelurrutiak herri mugimenduari eta euskalgintzari lotuta egin du bere ibilbide profesionala. 2002tik 2015era Plateruena Kafe Antzokiko zuzendaria izan zen eta azken bi urteak euskara teknikari lez egin ditu Elhuyar Aholkularitzan. Hartu eman handia izan du Durangoko Azokagaz, eta Gerediaga Elkarteko bazkidea ere bada. 

Gaztelurrutiak Arantza Atutxak utzitako lekua beteko du aurrerantzean. Elkarteak bere batzar nagusian hartu du erabakia. Zuzendaritza batzordeari dagokionez, 10 kidek osotutako taldea izango da. Presidente, idazkari eta diruzain karguetan jarraituko dute beste bi urtez Nerea Mujikak, Asun Elorriagak eta Belen Bengoetxeak hurrenez hurren.

Beñat Gaztelurrutia eta orain arteko kudeatzaile Arantza Atutxa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!