Bizkaibuseko beharginek 24 orduko greba hasi dute langile biren kaleratzea salatzeko

Ekaitz Herrera 2021ko eka. 7a, 10:06

25 urtean Bizkaibusentzat lan egin duten behargin bi "egun batetik bestera" kaleratu dituztela salatu dute.

Bizkaibusen Durangaldeko, Arratiako eta Nerbioi eskualdeetako beharginek 24 orduko greba hasi dute. Greba gauerdian sartu da indarrean eta gaur gaueko 00:00ak arte luzatuko da. ELA sindikatuko Ander Larrañagak adierazi duenez, Avanza Durangaldea enpresak bulegari lanak egin dituzten langile bi kaleratu ditu duela "hamabost bat" egun. "Bizkaibusentzat 25 urtean lanean aritu eta gero, egun batetik bestera kaleratu dituzte, profila betetzen ez dutela argudiatuta", adierazi du Larrañagak. Horrez gainera, autobus zerbitzuetan "murrizketak" ematen ari direla gaineratu du.

ELA sindikatuko kideak azaldu duenez, Avanza Durangaldea enpresak Bizkaibuseko atal batzuk kudeatzen ditu. Horietako batzuk dira Durangaldeko, Arratiako eta Nerbioi eskualdeak. Enpresak azpikontrata lez egiten du lan Aldundiarentzat. Kaleratutako bi beharginek Bilbon egin zuten lan, Larrañagak jakinarazi duenez. Beharginek Bilboko Kale Nagusira eraman dituzte protestak goiz honetan, Foru Aldundiko Garraio departamenduaren aurrera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!