Elkartasun Biltegiak ekainaren amaieran ekingo dio elikagaiak banatzeari

Ekaitz Herrera 2021ko eka. 7a, 09:00

Data zehatzik ez dago, baina Elkartasun Biltegiko kideek ekainaren amaieran hasi gura dute elikagaiak banatzen beharrizana duten herritarren artean. Elkartasun Biltegia Durangaldeko Kontseilu Sozialistak sortu du, eta, bertako kideen esanetan, biltegiak "tresna bat" izan gura du "ahalik eta langile antolakuntzarik zabalena" osatzeko, eta "zapalkuntzarik bako gizarte" baterako bidean eragiteko.

Elkartasun Biltegiaren ezaugarri nagusia da bere funtzionamendua "klase elkartasunean" oinarrituta egongo dela. Hau da, dinamikako kideek azaldu dute "elkartasun biltegiko lanak aurrera eramaterako orduan ez dela bereizketarik egingo boluntarioen eta hartzaileen artean". Hartzaile denak laguntza sarean ere parte hartuko du. "Asistentzialismora" eta norabide bakarreko elkartasunera mugatu barik, norabide guztietan landu gura dute elkartasuna. "Langileok gure artean antolatuta elkarri laguntzea" da kideen asmoa.

Kopuruak handitzen
Momentu honetan elikagai dohaintzak jasotzen dabiltza. Asteburu honetan, adibidez, Iurretako Lidl parean egon dira. Orain arte biltegiraturiko elikagai kopuruari dagokionez, datu pare bat eman dituzte: momentu honetan 600 kilo pasta eta arroz dituzte biltegiratuta. Horrez gainera, 400 atun lata dituzte. "Lau hilabetean hogei herritar elikatzeko" beste janari dutela jakinarazi dute.

Dohaintza egin gura duenak 747422815 telefono zenbakira jo dezake bizum sistema erabilita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!