“Urkiola kontrolatu eta babestu beharreko altxorra da Durangaldean"

Aitziber Basauri 2021ko eka. 6a, 10:30

Ornitologiak betidanik erakarri du Juankar Andres, eta digitalizazioak  hori argazkigintzagazko duen zaletasunagaz uztartzea erraztu dio. Orain 20 urte hasi zen txoriei argazkiak ateratzen, Digiscoping teknika erabilita (kamera konpaktu eta teleskopio bategaz). Entre alpinas y marinas blogeko argazkirik zaharrenak horrela ateratakoak dira, 40-50 metroko distantziatik. Hamar urtetik hona reflexa erabiltzen du. Mallabian bizi den durangarrak natura fotografiatzen du: landareak, anfibioak, narrastiak... baina txoriak ditu pasio.

Ornitologia zaleak gutxi zaudete...
Hala da. Oso bakarrik sentitu naiz. Orain 20 urte, opor batzuetan, Llobregaten, Deltaren Natura Erreserbako zuzendaria ezagutu nuen, Ricardo Gutierrez. Ornitologoa lanbidez, eta Espainiako Ornitologia Elkarteko Bitxikeria Komiteko kidea. Aho zabalik geratu nintzen, bazen norbait horretatik bizi zena! Bere eskutik sartu nintzen gehiago mundu honetan. Bakarrik sentitzetik inguratuta sentitzera pasatu nintzen. Jon Hidalgo durangarra ere ezagutu dut. Lan handia egin du txoriak aztertzen.

Denbora asko eta pazientzia handia daude argazki bakoitzaren atzean?
Bai. Ia beti. Garrantzitsua da behar den tokian egotea, denbora luzez. Hala ere, gutxi dira ondo aterako diren argazkiak. Mugarrara, Atxartera... joan behar da, txoria etorri arte itxaron, eta kasuen %90ean ez dugu asmatuko. Hiru urtean joan izan naiz Urkiolara harkaitz-zozo gorriaren bila, eta topatu ez. Halako batean, Untzillatxen aurkitu nuen.

Argazki bat lortzeko, zenbat denbora egin duzu gehienez?
Gatx da esatea. Landa-lana egin behar da aurretik: txoria non dagoen jakin behar da, hara joan, zelan mugitzen den ikusi, eta noiz eta non pausatzen den jakin. Zer jaten duen, non lo egiten duen. Hori guzti hori jakin behar da argazki on bat lortzeko. Eta askotan joan behar da txoriaren bila. Baliteke lau ordu itxarotea argazkia ateratzeko, edo txoria ez etortzea. Pirinioetako hiru milako bat igo dut eper zuriaren bila, eta ikusi barik bueltatu naiz. Horixe da ohikoena.

Nahitaezkoa da oharkabean pasatzea.
Bai, inguruaren parte izan behar zara. Hide-ak (ezkutalekuak) eskaintzen dira, gaur egun. Janaria ipini eta hegaztia etorri arte itxaron behar da. Ordaindu barik, etxean egin daitezke, edo mendian ere bai.

Kalifornia, Portugal, Azores, Madeira, Finlandia, Norvegia... Ornitologiak hainbat lekutara eraman zaitu.
Familiagaz egin ditut bidaia asko. Baina beti daramat argazkiak ateratzeko ekipoa soinean. Finlandiara eta Norvegiara lagunekin joan nintzen, ornitologia-bidaiak izan ziren. Urtean behin halako bidaia bat egiteko asmoa dut: Kalifornia, Australia, Costa Rica; Txile, Alaska...

Eskualdean badugu altxor berezirik?
Urkiola kontrolatu eta babestu beharreko altxorra da. Horretarako, ezinbestekoa da informazioa. Desagertzear dagoen Lirium Pirineaico-a ikusi genezake bertan. Hegaztiei dagokenez, hor ditugu sai zuria, harkaitz-txoria, elur-txonta edo belatxinga moko horia.

Zein da egin duzun argazkirik gatxena?
Mozolo borealari, Pirinioetako gau-txoriari. Neguan joan ginen behin. Gau osoa egon ginen zain, edurragaz. Bi entzun genituen, eta bat ikusi. Baina ez genuen argazkirik lortu. Hurrengo urte bietan ahalegindu ginen, udan. Eta hirugarren urtean  lortu genuen.

Zein duzu txoririk kutunena?
Alpino guztiak. Baina bat aukeratzekotan, harkaitz-txoria

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!