Mankomunitateko oinarrizko gizarte zerbitzuak aurrez aurre emango dituzte Izurtzan eta Mañarian ekainaren 10etik aurrera

Joseba Derteano 2021ko eka. 1a, 08:48

Durangaldeko Mankomunitateko oinarrizko gizarte zerbitzuak aurrez aurre emango dituzte Izurtzan eta Mañarian ekainaren 10etik aurrera. Durangaldeko Mankomunitatea eta Izurtzako eta Mañariko udalak akordio batera ailegatu dira aurrez aurreko arreta hilean behin eskaintzeko. Udal biek egindako lehen eskaerari ezezkoa eman zion Mankomunitateak, udal ordezkarien esanetan. Ondoren, horren inguruko mozioak udalbatzarrean onartu eta berriro jo zuten Mankomunitatera. Orduan hartu zuten aintzat eskaera eta akordio batera heldu ziren.

Kasu bietan, hitzordua aldez aurretik hartu beharko da, hileko bigarren eguenean, 08:00etatik 11:00etara Mañarian, eta 11:30etik 14:30era Izurtzan. Bestalde, Garairen kasuan, gaur egun zerbitzuak duen erabiltzaile kopurua kontuan hartuta, baztertu egin da udalerrian bertan arreta-ordutegi finkoa izatea, baina, hala eskatuz gero, Gizarte Zerbitzuetako beharginek Garain ere emango dute arreta.

Durangon egoitza duten Durangaldeko Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuek honako zerbitzu hauek kudeatzen dituzte, besteak beste: etxerik etxeko laguntza, telelaguntza, prestazio ekonomikoak, esku-hartze sozioedukatiboa umeekin, gazteekin eta familiekin, adingabeak dituzten familiei arreta eta laguntza psikosoziala emateko programak, familia-bitartekaritza, tratu txarren biktima diren emakumeentzako arreta psikologikoa eta juridikoa edo neguko harrerako aterpetxea. Gainera, horretarako eskubidea izanez gero, pertsonak zerbitzu eta baliabide sozial, psikosozial, sozioedukatibo edo soziosanitarioetara bideratu ahal izango dira.

"Gure herrien biziraupenerako, funtsezkoa da Mañariako eta Izurtzako udalek udalerrian ahalik eta zerbitzurik gehien izatea. Esker oneko gaude Mankomunitateak gure eskaera aintzat hartu duerlako", azaldu dute Ainara Otxotorena eta Lorea Muñoz Mañariko eta Izurtzako alkateek. Gizarte premiarik handiena duten pertsonei arreta emateko modurik onena hurbileko zerbitzua ematea dela gaineratu dute. "Kontuan izan behar da pertsona horiek, sarritan, mendekoak eta zaurgarriak direla, eta euren egoeren ondorioz zailtasunak dituztela Durangora mugitzeko. Pandemiak areagotu egin du egoera hori".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!