Durangaldeko 4 pintxo, Bizkaiko txapelketan nor baino nor

Ekaitz Herrera 2021ko mai. 28a, 11:29

Gaur ekin diote Bizkaiko Pintxoen Txapelketari. Durangaldeko lau jatetxek parte hartuko dute: Zornotzako El Cojo jatetxeak, eta Durangoko Amalur, Monkey's Lab eta Kobika jatetxeek.

Durangaldeko lau jatetxek euren mokadurik txiki eta ederrenak aurkeztu dituzte Bizkaiko Pintxoen Lehiaketara. Durangoko hiruk eta Zornotzako batek. Durangoko Amalur tabernak, adibidez, Kaltxonazo pintxoa aurkeztu du. Kobikak, berriz, Txerriflower. Eta Monkey's Lab jatetxeak, Galerna izeneko katilua. Zornotzako El Cojo jatetxeak, bestalde, Cojo la Galleta lana aurkeztuko du.

Lehiaketak bi fase izango ditu. Lehenengoa, pintxoak probatzea eta puntuatzea izango da. Horretarako, bezero bakoitzak pintxo bakoitzari dagokion establezimendura jo, pintxoa dastatu eta puntuatu egin beharko du. Antolatzaileek app bat ipini dute eskuragarri, puntuaketa egin ahal izateko. Pintxoak dastatzeko eta puntuatzeko aukera hau gaurtik ekainaren 6ra arte egongo da zabalik.

Gero, bigarren fasea zabalduko da, finala. Ekainaren 7an eta 8an egingo dute Bilboko El Silo de Bilbao espazioan, Olabeagako kaian. Bertan, finalera ailegatutako parte hartzaile bakoitzak pintxoa momentuan prestatu eta defendatu beharko du. Epaimahaia gastronomia arloko adituek osatuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!