Euskararen erabilera lantegietan areagotzeko konpromisoa, martxan

Ekaitz Herrera 2021ko mai. 7a, 18:50

Mankomunitateak LANDUE egitasmoa aurkeztu du, Durangaldeko enpresetan euskara sustatzeko programa. 

Mankomunitateak, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak LANDUE egitasmoa aurkeztu dute gaur, Durangoko Elkartegian. Planaren helburua euskararen erabilera lantegi barruko harremanetan eta bezeroekiko aurrez aurreko hartu emanetan areagotzea da. Horretarako konpromisoa hartu du hainbat enpresak. Momentuz tamaina handiko bost dira, baina Mankomunitatearen asmoa da hiru urte barru 12 lantegi handik eta 30 txikik bat egitea. Lantegietan euskara sustatzeko aholkularitza zerbitzua AEK-k eskainiko du.

Mankomunitateko presidente Mireia Elkoroiribek adierazi du eskualdearentzat "estrategikoa" den sektore batetik ekingo diotela lan horri: automoziotik abiatuta. Hain zuzen ere, arlo horretako hiru lantegik konpromisoa hartu dute dagoeneko. Bruss (Durango), Talleres Asca (Abadiño) eta Renault Gaursa (Iurreta) dira horiek.

ESANAK:

  • Mireia Elkoroiribe (Mankomunitateko presidentea): "Durangaldea estrategikoa da hizkuntza biziberritzeko. Biztanleriaren erdia baino gehiago elebiduna da eta inguru geografikoari dagokionez eskualdeen arteko ardatzean kokatuta gaude"
  • Lorea Bilbao (Euskara, Kultura eta Kirol Foru Diputatua): "Enpresak izan daitezela lehiakorrak baita hizkuntzaren kudeaketan ere. Horretan ere erreferente izatea gura dugu". 
  • Alex Rodríguez (Renault Gaursa): "Duela 50 urte makinaren bueltan antolatzen zen guztia; gaur egun argi dugu oinarria pertsonak direla, eta pertsona horien kulturaren bizkarrezurra hizkuntza direla".
  • Gudiker Alberdi (Talleres Asca): "Ez dut ikusten ezagutzaren besteko erabilerarik. Ahaleginduko gara euskara ahalik eta gehien erabiltzen". 
  • Kepa Arana (Bruss): "Euskara gure gizarte konpromisoa da. Euskaraldiak isla izan du enpresetan. Eta egitasmo honek emaitza emankorra izatea espero dugu".
  • Bingen Zupiria (Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua): "Jaurlaritzaren agintaldi honetako helburuetako bat euskararen erabilera areagotzea da, eta lan munduak garrantzia berezia hartzen du hor". 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!