Euskal herrian Federatutako abesbatzek hainbat mobilizazio egiten dihardute entsegu koraletako jarduera aurrez aurre egin ahal izateko. Eskualdeko hainbat taldek Durangon deitutako elkarretaratzeagaz bat egin dute. Durangoko Orfeoia, Bogoroditsie, Doinu Zahar, Begi Argiak, Iurretako Koroa eta Mañariko Koroa izan dira protestan. Mallabiko abesbatzek bat egin dute ekimenagaz, baina itxieraren ondorioz ezin izan dute parte hartu.
Abesbatza gehienek 2020ko azarotik ez dute entsegu presentzialak egiteko aukerarik izan. "Jarduera koralaren aurkako demonizazio kanpaina bat sufritu dugu komunikabideen aldetik", azaldu dute abesbatzetako kideek protestak egiteko adostu duten manifestuan. Beste taldekako kultura eta kirol jarduera federatuak dagoeneko baimenduta egonda, federatutako abesbatzena etenda egotea ez dutela ulertzen gaineratu dute. "Sistemaz" kantu korala debekatzea kritikatu dute. Era berean, segurtasun neurriak beteta, kantatzea segurua dela aldarrikatu dute.