“Umeei, sortzerakoan, arauak ezartzearen edo bidea markatzearen aurkakoa naiz”

Aritz Maldonado 2021ko mai. 2a, 10:00

Apirilaren 23an Liburuaren Eguna ospatu zen Durangaldean ere. Juul literatura hauteskundeen sari banaketa ere egin zen, eta bertan Eider Eibar (Zornotza, 1980) aukeratu zuten 'Ez dakit marrazten' liburuagaitik. Zornotzarrak hamaikagarren urtea du literatura hauteskundeetako hautagaien artean. 'Barrukoa' liburuagaz egin zuen legez, kasu honetan ere Eibar arduratu da marrazkiez eta testuez. Durangoko Arteka liburudendan erakusketa atondu du, eta marrazki originalak ikusi ahalko dira bertan. Egun, 79. liburua izango denerako ilustrazioak egiten dabil Eibar, besteak beste. Bideo bidezko animazioan ere hasi da. 'www.kokoak.eus' atarian bere azken proiektuak bisitatu daitezke.

Zergaitik 'Ez dakit marrazten'?
Tailerrak eskaintzen ditut eskoletan, udal liburutegietan eta ludoteketetan, eta beti dago umeren bat saioa hasi orduko marrazten ez dakiela dioena. Saioa amaitzen denerako ez du hori esaten jada. Egoten da baten bat trabatu egiten dena beharbada, edo marrazkiren bat irteten ez zaiona, baina guztiek marrazten dute. Azken finean, umeak dira, eta marrazkiekin oso familiarizatuta daude. Errotuladoreak hartu eta marraztu, horixe egin behar dute. Gure saioetan ez ditugu marrazkiak epaitzen. Epaitua izateko beldur handia dago umeen eta baita helduen artean ere, besteen iritziak edo norberak bere buruari ezarrita mugek eragin handia dute, gauzak 'ondo' edo 'txarto' egiten diren... Gure saioetan ez dugu horrelako lengoaiarik erabiltzen. Umeek marraztu dezaten gura dut, konturatu daitezen emozioak eta sentimenduak marrazkien bitartez adierazi ditzaketela, marrazkiok onak zein txarrak izan; sortzeak berak ere poztasuna pizten die. Baina badirudi gaur egun bidea markatu egin behar zaiela, arauak behar dituztela sortzerakoan, eta ni horren aurkakoa naiz. Proposatu ditzaket teknikak, edo pistak eman, baina norberak erabaki behar du zer egin.

Artekan daude ikusgai bertako ilustrazio originalak.
Arrazoi bigaitik egin dut erakusketa Artekan. Alde batetik, liburuko marrazkiak erakusteko. Liburuan ikusi daitezkeen berdinak dira, baina beste modu batera ikusi daitezke horrela, trazoak eta arkatz markak, besteak beste. Gainera, eduki asko dituzten eta asko kontatzen duten marrazkiak aukeratu ditut erakusketarako. Bestalde, niretzat oso garrantzitsua da Artekan egitea erakusketa, horrelako liburudendek magia dutelako; liburu zoragarriz beteta daude, eta iruditzen zait unibertso magiko paralelo bat direla. Horrelako testuinguru batean nire marrazkiak ikustea oso polita iruditzen zait, baita umeentzat ere. Liburura ailegatu aurretik marrazkiak zelakoak diren ikusi dezakete horrela.

Joseba Sarrionandiaren itzulera iragartzen zuen ilustrazioa egin zenuen Berria egunkariko azalean. Zelan jasotzen da horrelako mandatu bat?
Errespetu osoagaz, urduritasun apur bategaz, eta baita ondo pasatzeko gogoagaz ere. Ez da lehenengo aldia Berriarako horrelako enkargu bat egin dudana. Joan Mari Torrealdairena egin nuen, eta Eusko Legebiltzarrerako iazko hauteskundeetan lehendakarigai bakoitzaren erretratoa ere egin nuen. Joseba Sarrionandiarena enkargu berezia izan da, ez nekielako zertarako zen (barrez). Ea egin nezakeen galdetu zidaten, eta baietz esan nuen. Errespetu osoagaz, baina beldurrik barik. Eta gero jolastea izan da. Alde batetik, antzekotasuna topatzen hasi nintzen, ahoan, begiradan, keinu konkretu batzuk irudikatzen ahalegindu nintzen, jendeak pertsona identifikatzeko, eta koloreekin eta formekin nire ikuspuntua ematen ahalegindu naiz. Aurpegiaren aurretik pasatzen diren hosto batzuk egin nizkion; atzean ilun zegoen, eta horrela ematen du ezkututik argira jausi egiten duela. Kolore aldetik, urdinak erabili ditut, Kubaren eta Euskal Herriaren arteko distantzia markatzen duten zerua eta itsasoa irudikatzeko. Kuriosoa da, Idoia Beratarbidek ere egin du ale horretarako Sarrionandiaren beste ilustrazio bat, eta kuriositatez kolore paleta berdina erabili genuen. Momentu historiko bat izan da, baita nire marrazkigintzan ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!