Pentsiodunek irtenbide bat eskatu dute 65 eta 79 urte bitarteko herritarren txertaketarentzat

Ekaitz Herrera 2021ko api. 19a, 14:38
Landakoko osasun etxearen aurrealdean gaur egindako protesta.

Durangaldeko pentsiodunek protestak egin dituzte gaur eskualdeko osasun etxeen aurrealdean. Gutun bat helarazi diote Gotzone Sagardui Osasun sailburuari egoera "berrikusi" dezan eskatzeko.

Durangaldeko pentsiodunek "kezkaz" ikusten dute koronabirusaren kontrako txertaketa kanpaina, euren esanetan, "marginatua" izaten ari delako 65 eta 79 urte bitarteko herritarren kolektiboa: "Gobernuak AstraZenecaren txertoa 65 urtetik beherakoei ematea erabaki duenez gero, lekuz kanpo utzi du 65 eta 79 urte bitarteko herritarren kolektiboa. Hain zuzen ere adin tarte horretakoak gara pentsiodunik gehienak", kexatu dira. Duela aste batzuk AstraZenecaren txertoa 60-65 urte bitartekoentzat mugatzea erabaki zuen Espainiako gobernuak Autonomia Erkidegoekin batera. Pfizer etxearenak, berriz, 80 urtetik gorako herritarrentzat izaten segitzen du. Hori dela eta, pentsiodunek gutun bat helarazi diote Gotzone Sagardui Osasun sailburuari. Egoera "berrikustea" eskatu diote, "beharrezkoa eta urgentziazkoa" delako, euren esanetan, 65 eta 79 urte bitartekoen txertaketa.

Bestalde, "bakunak erreserbatzeko politikaren ondorioz", Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izaten ari den txertaketa erritmoa "oso baxua" dela kritikatu dute. Lehen Arretarako baliabide gehiago eskatu dituzte eta datozen egunetan banketxeen aurrean mobilizatuko direla iragarri dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!