Espainiako II. Errepublikaren 90. urteurrena gogoratu du Durangaldeko Ahal Duguk

Anboto 2021ko api. 14a, 10:21

Alderdi morearen esanetan, gaurko eguna Espainiako II. Errepublikak "eraikuntza politiko gisa" duen "garrantzia" gogorarazten du, harekin "demokrazia bere osotasun osora" ailegatzen baita. 

Gaur Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zenetik 90. urte betetzen direla-eta, Durangaldeko Ahal Dugu alderdiak "balioa" eman gura izan die orduko "aurrerapenei". Sabina Méndez bozeramaileak garai politiko hark emandako "aurrerapen eta askatasun" hauek nabarmendu ditu: "nekazaritza-erreforma eta langileen eskubideak, gizonen eta emakumeen Sufragio Unibertsala, edo hezkuntza laikoa, mistoa eta nahitaezkoa”. Bestalde, Méndezek Espainiako hainbat kulturgilek egin zuten ekarpena nabarmendu du. Federico García Lorca, María Zambrano, Concha Méndez-Cuesta, edo Rafael Alberti izan ditu gogoan. 

Berrizko David Jimeno zinegotziaren arabera, "askatasunak eta aurrerapenek denbora gutxi iraun zutela gogorarazteko eguna" ere bada, "indar kontserbadoreek ez zituztelako inoiz galdu nahi izan Errepublikak herritar guztien artean banatu nahi zituen pribilegioak". Gaurkoa "berdintasunaren eta justizia sozialaren alde borrokatu zirenak gogoratzeko eguna" dela esan du Jimenok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!