ANBOTOk ‘Hau ez da niretzat’ websail berria eskainiko du hamabostean behin

Anboto 2021ko api. 14a, 09:44

Ttap eta Zut aldizkari digitalek eduki berria estreinatuko dute asteon, Hau ez da niretzat ikus-entzunezko saila, hain zuzen ere, eta hamabostean behin eskainiko dute, ostiral honetatik bertatik, apirilak 16, abiatuta. Horrez gain, ikus-entzunezkoa ANBOTOn ikusteko aukera ere egongo da. Lehenengo atala apirilaren 23an eskainiko ditu.

Ttap eta Zut aldizkarietarako apropos sortutako Hau ez da niretzat websail berria umorezko sei atal independentez osatuta dago. Atal laburrak dira, mugikorretan ikusteko bertikalean grabatutakoak.

Atal bakoitzean, Esti banatzaileak –Maialen Sorzabalbere aktorea– etxez etxe eskari xelebreak eramango ditu, eta banaketa bakoitzaren atzean, eskaria bezain xelebrea den egoerarekin egingo du topo. Errealitatea ala fikzioa?

Gidoiak eta aktore lanak Barrexerka antzerki taldeko kideek egin dituzte: Maialen Sorzabalberek, Garazi Mitxelenak, Mikel Irazustak, Nerea Aranburuk, Amaia Rojok, Amaia Iraundegik, Peru Ansorenak, Ekain Arrietak eta Graxi Arregik.

Websailaren sortzaileak, bestalde, Unai Portilla, Gorka Alvarez de Arcaya eta Egoitz Diaz dira; Ttap eta Zut aldizkariek iaz eskainitako Ixa websailaren egileak. Eta ekoizteaz Goiena Komunikazio Taldea arduratu da. 

Hirugarren websaila
Ttap etaZut aldizkariek eskainiko duten fikziozko hirugarren websaila da Hau ez da niretzat. 2019an, Ixa websail saritua kaleratu zuten, eta 2020an, Gorabeherak umorezko websaila ekoiztu eta eskaini zuten.

Ttap aldizkari digitala 2018ko uztailean jaio zen, Anbotoren, Baleikeren, Euskalerria Irratiaren, Goienaren eta Tokikomen ekimenez, Bartzelonako Esguard aldizkariarekin elkarlanean (ADM SL). Astero-astero argitaratzen da, ostiraletan. Hurrengo urtean sortu zuten nerabeendako Zut aldizkaria, Gaztezulorekin elkarlanean, eta hamabostean behin argitaratzen da, ostegunetan. Ttap eta Zut aldizkariak dohainik eskuratu daitezke Android zein iOS gailuetan, https://labur.eus/ttap eta https://labur.eus/zut helbideen bidez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!