AstraZenecaren bigarren dosiaren zain daudenekin zer gertatuko den galdetu du Osasun Sailak

Ekaitz Herrera 2021ko api. 8a, 12:19

Osasun Sailak utzi egin dio 60 urtetik beherakoak AstraZenecaren txertoagaz bakunatzeari. Bigarren dosia hartzeko zain dauden herritarrekin zer egin beharko litzatekeen galdetu du Jaurlaritzak. Oraingoz ez du horri buruzko erantzunik jaso.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hedabideetara igorritako oharrean adierazi duenez, aurrerantzean 60 eta 65 urte bitarteko herritarrak bakarrik txertatuko dituzte AstraZenecaren botikagaz; eta ez, 60 urtetik beherako herritarrak, azken egunetan egin duten bezala. Espainiako gobernuak eta gainontzeko Autonomia Erkidegoek erabaki hori hartu zuten atzo, Europako Sendagaien Agentziak AstraZenecaren txertoa hainbat tronbosi kasurekin lotu ostean. Eusko Jaurlaritza abstenitu egin zen txertoa 60-65 urte bitartekoentzat mugatzeko erabaki horretan. Edozelan ere, Jaurlaritzak argitu du txertoaren onurak kalteak baino handiagoak direla eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dela AstraZenecaren txertoari lotutako tronbosi kasurik erregistratu. Europako Sendagaien Agentziak "albo-kalte oso arrarotzat" izendatuko ditu tronbosiak, AstraZenecaren txertoaren prospektoan.

Bigarren dosiekin zer

AstraZenecaren txertoa bi aldiz hartu behar da inmunitatea lortzeko. Lehenengo dosia jaso duten herritar ugari dago bigarren dosiaren zain, eta horiekin zer gertatuko den airean dago oraindik. Jaurlaritzak esan du horren gaineko informazioa eskatu duela, baina oraingoz ez duela erantzunik jaso. "Bigarren dosi bat komenigarria den edo, beste herrialde batzuetan egin den bezala, lehenengoarekin nahikotzat jotzen den galdetu da, baina gaur egun ez dago horri buruzko erabakarik", azaldu du.

Osasun Sailak "asko sentitzen du AstraZenecaren inguruko erabakiek herritarrengan sortzen duten nahasmena. Oso bereziki lehen dosia dutenen edo laster jasoko zutenen kasuan". Gai horri buruzko informazioa eguneratzen jarraituko duela adierazi du Jaurlaritzak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!