Aitor Bugallo Memorialak 400 txirrindulari batuko ditu Durangaldean, apirilaren 1ean

Anboto 2021ko mar. 30a, 18:26

Duranguesa Txirrindulari Elkarteak Aitor Bugallo Memorialaren bostgarren edizioa antolatu du apirilaren 1erako. Euskadiko Txirrindularitza Federazioak emandako gomendioei jarraituz, irteera eta helmuga leku berean izango dira, Durangoko Urki kalean. Lasterketak  junior eta elite mailako 400 txirrindulari batuko ditu.

09:30ean elite eta 23 urtez azpikoen lasterketa abiatuko da (132 km). Estatu osoko 18 taldek parte hartuko dute, eta horien artean  EISER-HIRUMET taldearen parte-hartzea nabarmendu dute antolatzaileek.

Euskadiko Txirrindularitza Federazioaren gomendioei jarraituz, irteera eta helmuga leku berean izango dira, Urki kalean (Durango). Hartara, lasterketak herriguneetatik aldendu gura dituzte eta jende pilaketak ekiditu. Txirrindulariek Miota bost aldiz pasatuko dute, gero Areitio gainera igotzeko. Ondoren, Garaira bi aldetatik igoko dira. Lasterketa hau Abiatzen torneorako balioduna izango dela gogoratu dute antolatzaileek.

16:00etan junior mailakoen txanda izango da (95,5 km). Hauek ere aurrekoen zirkuito berdina egin beharko dute, baina, Miota hiru aldiz pasatuko dute. La Tostadora talde durangarra aurreko edizioetako garaipenak errepikatzen saiatuko da. Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako taldeek parte hartuko dute lasterketan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!