Elorrio eta Berriz perimetralki itxita daude gaurtik

Anboto 2021ko mar. 29a, 09:00

Gaur sartu da indarrean Eusko Jaurlaritzak Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako onartutako neurri murriztaileen dekretu berria, zapatuan argitaratu zuena. Hartara, 100.000 biztanleko 400eko intzidentzia tasa gainditzen duten herrien itxiera perimetrala ezarri da. Durangaldean,  Elorrio eta Berriz itxi dituzte.

Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako 19 herri itxi dituzte oraingoz. Dena den,  herri horietako biztanleek aldameneko herrira joateko aukera izango dute erosketak egitera eta aire zabalean kirola egitera. Era berean, kanpoko herritarrak herri horietara joan ahal izango dira baldin eta herriko ostaturen batean erreserba egina badute martxoaren 26a baino lehenagotik. Bestalde, herri horietako taberna eta jatetxeek ere murrizketak izango dituzte: barruko aldeak 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era bakarrik egongo dira zabalik.

Herri horietan, barruko eremuetan egiten diren kirol jarduerek ez dituzte lau pertsonako taldeak gaindituko, talde profesional eta federatuen entrenamenduei eta lehiaketei eregiten dietenak ez ezik. Era berean, aldagelak eta dutxak itxi egingo dira kirol-instalazio mota guztietan, igerilekuetan izan ezik. Horietan aldagelak erabili ahal izango dira gehieneko edukieraren %35eko mugarekin. Era berean, dutxak erabili ahal izango dira, baldin eta banakakoak badira.

Jaurlaritzaren asmoa da 100.000 biztanleko 400eko intzidentzia tasa gainditzen duten herrien zerrenda hori astelehenero eguneratzea. Hala ere, apirilaren 5a, jaieguna da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; beraz, aste horretan asteartean emango dute itxi beharreko herrien zerrenda, apirilaren 6an. Hurrengo egunetik aurrera izango du horrek eragina.

Bestalde, alarma egoera indarrean dagoen bitartean eutsi egingo zaio erabilera publikoko espazioetan, itxietan nahiz aire zabalean,  eta erabilera pribatuko espazioetan egon daitezkeen pertsona taldeen mugari. Gehienez lau pertsonako taldeak izango dira, salbu eta bizikideak badira. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!