Korrikaren hutsunea betetzeko ekitaldiak egin dituzte Durangaldean

Anboto 2021ko mar. 28a, 15:36

'Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!' lelopean ekitaldiak egin dituzte Euskal Herriko 80 txokotan, tartean, Durangon, Elorrion eta Zornotzan. 

Gaurko egunean 22. Korrikaren amaiera ekitaldia egingo litzateke izurriagatik ez balitz. Horren ordez, AEKk 80 ekitaldi egin ditu Euskal Herrian. Durangokoan Mertxe Mugika koordinatzaile nagusi ohiak, Leire Vargas bertsolariak eta Izaro Erzilla musikariak parte hartu dute, besteak beste. "Euskal Herri osoko herritarrei euskara baldintza egokietan ikasteko aukera emateko, euskaltegi sendoak behar ditugu", azaldu dute ekitaldian. Horregatik, euskaltzaleei babesa agertzeko eskatu diete. "Denok egin dezakegu gure ekarpena: egunero eta aukera dugun guztietan euskara erabiliz eta prestigiatuz, jendea euskaltegietara joan dadin animatuz, matrikulazio-kanpainak susatuz...". 

Bestalde, Korrikaren hurrengo edizioa, 2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10era egingo dela aurreratu dute gaurko ekitaldietan.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!