Mauri Imazek urte erdi darama Urkiola egunero bizikletan igotzen

Urte erdi joan da Mauri Imazek 'Tourkiola 365' erronka martxan ipini zuenetik. Iazko urri hasieratik, egunero-egunero igotzen du Urkiola bizikletan, eta horrela jarraituko du 365 bider igo arte. Hezur-muineko emaile izateak duen garrantzia lau haizetara zabaltzea da bere helburua.

Denbora honetan bidelagunak izan ditu igoeretan, aurpegi ezagunak batzuetan: behin Markel Irizar txirrindulari ohiaren laguntza izan zuen, eta beste behin Andeka Gorrotxategi tenorearen kantu artean heldu zen Urkiola gainera. Baina, orokorrean, lagundu dioten denei esker oneko dago. "Martitzenean, autoan zihoan bat Urkiola gainean geratu zen ni animatzeko. Horrelako detaileek indarra ematen didate", azaldu du.

Negua joan da eta egun batzuetan "oso gogorra" egin zaiola onartu du; elurra egin duenetan baino gehiago, egun euritsu eta hotzetan.

Medulo izeneko autoa
Cafés Baquek auto bat utzi dio, Medulo bataiatu duena, eta ekimeneko pegatinekin jantzi du. Batzuetan bidelagun izaten du Urkiolan gora, eta beste osagai bat da mezua zabaltzeko. Gero, normalean, autoa Durangoko anbulatorio zaharraren aurrean egoten da aparkatuta. Kokaleku hori ez da kasualitatea. Galdakaoko edo Gurutzetako ospitaleetan lez, Durangon ere hezur-muina emateko gune bat ipintzeak asko lagunduko lukeela uste du. "Izan ere, Durango logistikoki ondo kokatuta dago, hiru hiriburuen erdian. Esaterako, Durangon astean behin hezur-muina emateko aukera eskaintzea ona litzatekeela uste dut", azaldu du.

Durangaldeko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bitartez jaso gura dituzu? Hauek dira bi aukerak.

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @anbotokomunikabideak kanalera.