“Pena bakarra da Sevilla euskal zalez bete ezina; ikusgarria izango litzateke”

Joseba Derteano 2021ko mar. 30a, 19:00

Ander Urrutxurtu (Durango 1998) athleticzalea eta klubeko bazkidea da, eta Manu Carrasco (Ondarroa, Durangon bizi da, 1968), ostera, realzalea eta Durangalde Beti Reala lagunarteko presidentea. Euren klubek Errege Kopa irabazteagaz amesten dute, baina, batera zein bestera, euskal futbolaren jaia ere izango dela azpimarratu dute.

Astebete falta da finalerako. Igartzen duzue gorputzean egun handia gertu dagoela?
Ander Urrutxurtu: Badut urduritasun puntu bat, bai. Baina ez da Athletic beheko postuetan egongo balitz sentituko nuen bera. Final bat da, titulu baten atarian gaude eta ilusioa nagusitzen zaio urduritasunari.

Manu Carrasco: Eguna heltzeko gogoz nago. Kontuan hartu final hau orain urtebete jokatu behar zela eta itxaronaldia luze egiten da.

Zuen inguruan edo kalean, igartzen duzue girorik?
A.U.: Bai, pike hori igartzen da, baina pike sanoak izan behar du. Horrela bada, saltsa ematen dio finalari.
M.C.: Bai, pikea badago, baina orain arte behintzat dena pike sanoa izan da. Bi zalegoen partetik. Nik 16 urte daramatzat Durangon bizitzen eta sekula ere ez dut arazorik izan.

Euskal talde bi finalean. Ez da askotan ikusi den kontua.
A.U.: Bigarren aldia izango da. Lehenengoa 1927an izan zen, Real Union eta Arenas taldeen artean.
M.C.: Euskal futbolaren jai bat izango da. Pena bakarra da Sevilla euskaltzalez bete ezina. Ikusgarria izango litzateke. Horrelako final bat errepikatzea oso zaila da. Beharbada ez da beste urte askoan gertatuko.
A.U.: Bai, ados nago. Euskal jai bat izango da eta hori ere azpimarratu beharra dago. Eta, bai, pena da finalean zalerik ez izatea, zeren eta Sevilla euskaldunez beteta ikustea oso polita izango zen.

Finalera heldu zirenean, bazenuten Sevillara joateko asmorik?
M.C.: Banuen joateko asmoa, bai. Oraindino ez neukan sarrerarik, baina Sevillan senitartekoak ditut, eta lortuko nuen baten bat.
A.U.: Nik ere ez neukan sarrerarik, baina aita eta biok Athleticeko bazkideak gara 2014tik, San Mames zelai berria inauguratu zenetik, eta sarreren zozketaren zain geunden.

Partidua etxetik jarraitu beharko da. Zelan atonduko zarete finalerako?
A.U.: Athleticeko kamiseta jantziko dut eta balkoia kolore zurigorriekin apaindu dugu.
M.C.: Realaren kamisetarik ez da faltako. Xabi Prietok sinatutako bat dut, gainera. Eta tela txuri-urdina prest dut balkoian ipintzeko.

Mugikorra eskuan izango duzue finala lagunekin komentatzeko?
A.U.: Bai, jakina. Unibertsitateko lagun asko realzaleak dira. Oraingoz whatsapp talde hori nahiko lasai dago, baina eguna hurreratzen den neurrian seguru kontua berotzen joango dena. Saltsa egongo da.
M.C.: Ni lau whatsapp taldetan nago. Durangaldeko lagunartekoan, lagunenean, eta estatuko zein nazioarteko lagunartekoenean. Baina saltsarik gehien lehenengo bietan egongo da.

Zuen etxeetan athleticzaleak eta realzaleak dira denak?
A.U.: Final honetarako bai. Kontua da aitita Bartzelonazalea dela, eta apirilaren 17ko partiduan haien alde egongo da. Baina oraingoan athleticzale izango dugu. 
M.C.: Nik hiru seme ditut: bi realzaleak eta bestea, seme nagusia, athleticzalea. Ez da futbolzale amorratua, baina bai athleticzalea. Ondo konponduko gara. Gurean dugun abantaila da, gutxienez bat pozik egongo dela finala amaitzen denean (barreak).

Sinatuko zenukete final hau Realak irabaztea eta hurrengoa Athleticek?
A.U.: Realzaleek horixe esaten didate, baina, gero, athleticzaleek esaten didate Realaren kontrakoa dela irabazi beharreko finala. Ezin daiteke aurreikusi. Athleticen kasuan, lehenengo finala galtzeak presioa eragin diezaieke jokalariei bigarren finalera begira. Uste dut horixe gertatu zela 2012an, Atletico Madrilen kontra Europa Leagueko finala galdu eta gutxira Bartzelonaren kontra Errege Kopako finala jokatu zutenean.
M.C.: Nire kasuan sinatuko nuke, jakina, final batean gaudelako. Baina nik gura dudana da apirilaren 3koa irabaztea. Realak ez du jokatuko Bartzelonaren kontrakoa.

Zein talde heltzen da sasoi hobean?
M.C.: Ez dakit, ba. Azken hile bietan talde biak apur bat irregularrak izan dira eta gorabeherak izan dituzte. Nire ustez, inkontzienteki bada ere, talde biek Sevillako finala dute buruan azken hileetan.
A.U.: Nik ere ez dakit. Derbietan ez dagoela faboritorik uste dut. Ligan Athletic sailkapenean aurretik egon den batzuetan Realak irabazi du, eta alderantziz ere gertatu da. Kontua erdi eta erdi dagoela esango nuke.

Talde biek zer egin behar dute ondo finala irabazteko?
M.C.: Realak baloiaren jabetza izaten asmatu behar du. Kalitate gehiagoko jokalariak dituela uste dut. Hori lortzen badu, Athleticek gatx izango du arriskua sortzea.
A.U.: Athleticek atzean sendo eta serio jokatu behar du. Ondo kokatuta egon behar da eta Realaren pattalaldiak aprobetxatzen asmatu behar du. Baloiak toki onean errekuperatzen baditu, aurrean aukerak sortu ditzakeela uste dut.

Zer duzue gurago: gol askoren aldeagaz ala azken minutuko gol bategaz irabaztea?
A.U.: Gurago dut gol askoren aldeagaz irabaztea, horrela ez dut azkenera arte sufrituko eta. Edozelan ere, Athleticek azken urteetan Kopan izan duen bidea kontrakoa da. Kanporaketa asko penaltietan edo luzapenean erabaki dira.
M.C.: Ados nago. Atsedenaldian 3-0 irabazten bazoaz, beste lasaitasun bategaz jarraitu dezakezu partidua. Onartu behar dut azken minutuko gola itzela dela, poz leherketa bat, baina aukeran gurago nuke lasaitasunagaz bizi.

Esan emaitza bat eta golegileak.
A.U.: Athleticen alde, 2-0. Golegileak: Raul García eta Alex Berenguer.
M.C.: Realaren alde, 3-1. Alexander Isac-ek bi sartuko ditu eta Mikel Oiartzabalek bat. Athleticena, Berenguerrek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!