Bizikletaren erabilerarekin lagunkoia izateko "lehen urratsa" eman dute Durangaldeko 20 bat eragilek

Anboto 2021ko mar. 22a, 12:54

Durangaldeko 20 bat eragilek bizikletaren eguneroko erabilerarekin lagunkoia izateagatiko ziurtagiria eskuratu dute gaur. Apirilean, 30 egunean bizikletan aritzeko erronka bueltatuko da. Herritarrak deitu dituzte bizikleta hartu eta egunerokoan txertatzen joatera, dela lantokira, ikastetxera edo erosketak egitera joateko.

Eskualdeko 20 bat eragilek bizikletaren eguneroko erabilera sustatzen hasteagatiko ziurtagiria eskuratu dute gaur Iurretako Ibarretxe kultura etxean. Besteak beste, eskualdeko udalek, ikastetxeek eta lantegi batzuek eskuratu dute Cycle Friendly Employer erakundeak arautzen duen ziurtagiria.

"Hemen ez da ezer bukatzen, hasi baino", adierazi du Mireia Elkoroiribe Mankomunitateko presidenteak. "Lehen urratsa emanda dago, baina hau iraupen luzeko karrera da. Proiektu berriak etorriko dira. Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean ari gara honako proiektuak gainontzeko lurraldeetan ere garatzen joateko", adierazi du. Gaur ipinitako mugarritik tiraka, bizikletaren erabilera areagotzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute proiektuan inplikatutako eragile guztiek. Iaz, honako helburu hau markatu zuen Mankomunitateak: 2023rako, bizikletaz egiten diren joan-etorriak mugikortasunaren %5 izatera ailegatzea. 

Erronka berria apirilean

Apirilean bizikletan aritzeko erronka hasiko du Mankomunitateak. Iazko irailean egin bezala, herritarrak deitu dituzte bizikleta hartu eta egunerokoan txertatzen hastera; dela lantokira, ikastetxera edo erosketak egitera bizikletan lekualdatzeko. Erronka apirileko egun guztietan bete beharko da. Gutxi gorabehera, erabiltzaile bakoitzak kilometro bateko joanaldia erregistratu beharko du mugikorretarako Bikefriendly aplikazioan. 'Durangaldea' izeneko taldean inskribatu beharko dira. Erronka betetzen duten herritarren artean bizikleta tolesgarri bat, kafe-sortak eta kaskoak zozkatuko dituzte.   

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!