Durangaldeko 20 eragilek bizikletaren eguneroko erabilera sustatzeagatiko ziurtagiria jasoko dute

Anboto 2021ko mar. 17a, 10:22

Diploma ekitaldia datorren astelehenean izango da Iurretako Ibarretxe kultura etxean. 

Gero eta gehiago dira bizikletaren bidez mugikortasun aktibo eta jasangarria lortzeko helburua markatu duten Durangaldeko eragileak. Mankomunitateak aurrera jarraitzen du Durangaldea bizikletaren eguneroko erabilerarekin lagunkoia den lehen lurraldea izendatzeko lanetan, eta bide horren hurrengo geltokia zein izango den jakinarazi du ohar bidez. Datorren astelehenean, hilak 22, Cycle Friendly Employer ziurtagiria jasoko dute eskualdeko 20 eragilek, Iurretako Ibarretxe kultura etxean.

23 izan dira ziurtagiria eskuratzeko aurkeztu diren eragileak, baina hogeik bete dituzte horretarako baldintzak. Honako hauek dira: Marista, IMCOINSA, Berrizko Udala, Orbea, Decathlon, Pierburg, Katiak, Bruss Juntas Técnicas, CEMOSA, Cafés Baqué, Azterlan, ETS, Iurreta LHII, Ibaizabal Ikastola eta Durangoko, Elorrioko, Iurretako, Zaldibarko eta Abadiñoko Udalak, baita Durangaldeko Mankomunitatea bera ere.  Oraingoz ziurtagiria lortu ez dutenak, baina horretarako lanean jarraituko dutenak Mañariko, Atxondoko eta Izurtzako Udalak dira. 

30 eguneko erronka, bueltan da

Mankomunitateak 30 egunean bizikletan mugitzeko erronka egin zuen iaz, eta asmo horri helduko dio aurten ere. Apirilean hasiko du erronka. Herritar guztiei dei egin die apirilean zehar bizikleta beren eguneroko joan-etorrietan erabiltzera. Erronkan parte hartzeko, gutxienez, lekualdaketa bat erregistratu behar da egunean, eta hilabete osoan zehar 30 kilometro egin behar dira. Horretarako Bikefriendly izeneko aplikazioa instalatu beharko da sakelakoan, eta Durangaldea izeneko taldean inskribatu beharko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!