Eskola elikadura

Eskoletako jangeletan tokiko eta sasoiko produktuak sartzen joateko proiektua hasi du Berton Bertokoak

Proiektua sukaldea duten edo izango duten Durangaldeko 9 eskola publikotan garatuko dute, ondoren Hezkuntza Sailari helarazteko. Bestalde, Traña-Matienako eskolan sukaldea ipintzea aurreikusi du Hezkuntza Sailak, Berton Bertokoak jakinarazi duenez. 

Berton Bertokoa dinamikak proiektu berri bat hasi du sukaldea duten (eta izango duten) ikastetxe publikoetan bertako eta sasoiko produktuak sartzen joateko. Horri buruzko xehetasunak eman dituzte gaur Iurretan egindako agerraldian. Sukaldea duten ikastetxeentzat "aurrerapausorik eman ez" dela iritzita, eta "eredua aldatzeko eskakizunek biderik aurkitu ez dutenez", aurrera jotzea erabaki dute dinamikako kideek. Proiektua Durangaldean sukaldea duten edo izango duten 9 eskola publikotan garatzen hasiko dira, eta Hezkuntza Sailari helaraziko diote gero, honek, datorren ikasturtean martxan ipini dezan. 

Proiektua diseinatzeko, Isa Alvarez teknikariaren laguntza izango dute. Agroekologian eta elikadura sistemetan aditua da Alvarez. 15 urtean gai hauek ikertzen eta zabaltzen jarduteaz gainera, Elikagaien Segurtasunerako Munduko Batzordeko partaidea da. Proiektua martxan dago baina hile batzuk beharko ditu argia ikusteko. Egitasmoa guraso, zuzendari, irakasle eta langileei zabalik dago, eta gura dituzten ekarpenak egin ahal izango dituzte. Berton Bertokoak gaineratu duenez, Guraso Elkarte eta Eskola Kontseiluek proiektuan parte hartzea eta laguntzea erabaki dute. Proiektuak honako herri hauetako ikastetxe publikoetan izango du eragina: Abadiñon, Berrizen, Elorrion, Iurretan, Mallabian, Zornotzan, Atxondon, Iurretan eta Zaldibarren.

Kamisetak eta poltsak

Ikerketa Guraso Elkarteen bitartez eta diseinatu berri duten kamiseta eta telazko poltsak salduta finantzatuko dute. Honegaz lagundu edo informazio gehiago gura dutenek, bertonbertokoa@gmail.com  helbidera idatzi dezaketela azaldu dute. Bestalde, gogoratu dute Gure Platera Gure Aukera ekimenak topaketa bat antolatu duela eredu aldaketa honetan inplikatuta dauden pertsona eta kolektibo guztiekin, martxoaren 27rako, 10:30ean, “ideiak eta energiak partekatzeko".

Sukaldea Traña-Matienan

Badirudi Berton Bertokoak hainbat bider aldarrikatutakoa itxura hartzen hasi dela. Izan ere, izen berri bat batu da sukaldea izango duten ikastetxeen zerrendara: Traña-Matiena (Abadiño). Dinamikako kideek adierazi dutenez, Hezkuntza Sailak Traña-Matienako eskolan sukaldea ipintzea aurreikusi du eta halaxe jaso du Azpiegituren 2019-2023 planean. Dena dela, oraingoz ez dago data zehatzik.  Berton Bertokoak lanak 2022ko udan egin daitezen gura du, Zabalarrako eskolako lanekin batera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!