“Bertsozaleak bakarrik ez, bertsolariok ere bertso gosez gaude”

Anboto 2021ko mar. 13a, 10:20

Hamaika bertso saio hamaika herritan, formatu desberdinetan eta dozenaka bertsolarigaz. Durangaldeko Bertso Eskolak 'Durangaldea uztabarritzen' bertso zirkuituari emango dio hasiera asteburuan, Elorrion; lehenengo saio hori gaztetxean izango da, 18:30ean; Iruri Altzerrekak, Txaber Altubek, Erika Lagomak eta Aitor Estebanek egingo dute bertsotan, Iker Apraizek ipiniriko gaien inguruan. Bertso eskolako kide diren Ander Elorriaga Arestik (Durango, 1999), Leire Vargas Nietok (Durango, 2002) eta Igor Galarza Intxaustik (Abadiño, 1998) azaldu dituzte zirkuituaren nondik norakoak.

Anbizio handiko ekimena ipini duzue martxan.
Igor Galarza: Uste dugu dinamika honek aukera asko eskaintzen duela. Aretoetako saioak ditugu, eremu itxietakoak, edo ekainean eta uztailean egiten direnak, plazako saioak. Bertso Eskolarentzat ere polita da ikustea zenbat jende animatu den ekimenera. Honek jendea martxan ipini du eta hori onuragarria izango da Durangaldearentzat ere.

Hainbeste neurri eta mugekin, eremu asko baztertuta sentitu da sasoi honetan; adibidez, Elorrioko gaztetxea bera. Hori dela-eta, gaztetxera joateak badu esangura bat. Urtean bertso saio bi egiten dituzte, baina aurten bat ere ez, eta, beraz, hara joateak badu helburu hori ere.

Leire Vargas: Saio gutxiko sasoia da hau. Izurritearen kontuagaz, oraindino gehiago, eta betikoak gara galtzen irteten dugunok.  Horrez gainera, bada garaia guk ere plazak edukitzeko. Hain saio gutxi egonda, bertsolari gutxi batzuek baino ez dituzte plazak. Beraz, ikusi dugu lekua edukitzeko modua norberak egitea dela.

Bertso saioak suspertzeko helburua duzue. Zelan eragin dio izurriak bertsolaritzari?
Ander Elorriaga: Askoz ere saio gutxigo daude, baina bertsolaritzak badu gauza handi bat bere alde: gutxi behar du saio bat muntantzeko. Dozena erdi bat lagunen konpromisoagaz, mikrofono eta aulki batzuekin, eta diru apur bategaz, saio bat antolatu daiteke eta zaleak disfrutatu dezake. Ez da behar su artifizialik edo lehoi-hezitzailerik disfrutatu ahal izateko.
I. G. : Batez ere, formatu konkretu batzuei eragin die, bertso bazkari eta afariei, esaterako. Afariak zuzenean ezin dira egin, eta bazkariak ere hala moduz. Formatu horiek guztiz galdu dira eta kostatuko da berriro ere berreskuratzea.
L. V. : Formatu berriak ere sortu dira, sare bidezkoak, esaterako. Baina alde ekonomikotik begiratuta, ezin da etekin handirik atera. Horri gehitu txapelketak-eta atzeratu egin direla. Oraindino prekarioago dago bertsolaritza.

Zelan doa Bertso Eskolaren jarduna?
I. G. : Elkartzen jarraitu dugu, ahal izan dugunean eta ahal izan den moduan, matematikak egiten (barreak).
A.E. : Interneten bitartez ere egin ditugu saioak, eta horrelakoak baliagarriak izan dira, haria ez galtzeko behintzat.

Bertso gosez da bertsolaria?
L.V.: Bai, bertsozaleak lez, saio gutxi dagoelako, eta daudenak sektorizatuta daude, gainera. Beste esparru batzuetan beharbada, profesionalak edo puntakoak direnei ez die egoera honek hainbeste eragin, baina bertsolaritzan oso ona den jendea ere plazarik barik dago.
A.E.: Bertsozaleak bakarrik ez, bertsolariok ere bertso gosez gaude. Argi ikusi da, guztion konpromiso hori egonda, zirkuitua egitea posible dela. Eskertzekoa eta poztekoa da hori. Esango nuke, gainera, azkenaldian ez dela horrelako zirkuiturik ikusi bertsolaritzan, eta oraindino gutxiago norbere kabuz eginiko zerbait izanda.
I.G.: Eremu seguru bat eskaintzea eta ganoraz egindako zirkuitu bat egitea da gure helburua. Bada sasoia erakusteko kultura eta bertsolaritza seguruak direla.

DURANGALDEA UZTABARRITZEN

• Martxoak 13, Elorrioko gaztetxean, 18:30ean.

• Martxoak 27, Durangoko Sorginolan, 18:30ean.

• Apirilak 16, Iurretako Askondo plazan, 19:00etan.

• Apirilak 24, Zaldibarko gaztetxean, 18:30ean.

• Apirilak 30, Zornotzan, 19:00etan.

• Maiatzak 8, Otxandion, 18:00etan.

• Maiatzak 29, Berrizko Kultur Etxean, 18:00etan.

• Ekainak 12, Zornotzan, 18:00etan.

• Ekainak 19, Mallabiko parkean, 18:00etan.

• Uztailak 2, Abadiñoko Errota kultur etxean, 19:00etan.

• Uztailak 10, Durangon, 18:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!