Liburua idaztea zure ekimen propioa izan da?
Txirrindularitza betidanik gustatu izan zaigun taldetxo bat gara, afizioagaitik egiten dugu eta txirrindularitzaren gaineko 32 bat liburu idatzi ditugu. Beti gabiltza istorioak eta datu historikoak bilatzen eta batzen: egunkarietan, artxibategietan, liburutegietan… Informazio hori gorde egiten dugu argazkiak lortu arte, eta dena daukagunean liburu forma ematen diogu.
Liburuak urterik urteko edizioen kontakizun baten egitura dauka?
Bai, eta edizio bakoitza honela banatu dugu: aurrekariak, lasterketaren kronika, sailkapenak eta anekdota bat. Edizio guztietako anekdota bana jaso dugu.
Kontatuko diguzu anekdota horietariko bat?
1931ko lehenengo ediziokoa kontatuko dut. Txirrindulariak trenean etortzen ziren Bilbotik. Bakoitzak bere bizikleta zekarren. Kontua da antolatzaileek ez zutela kontuan hartu bizikletak tren berezi batean baino ezin zirela garraiatu. Lasterketaren hasiera atzeratu egin behar izan zuten txirrindulariak heldu arte. Ez ziren edozein txirrindulari, profesionalak ziren, oso onak.
Nondik ateratzen dituzue argazkiak?
Betidanik ibili gara argazkien bila, honi eta hari eskatzen, eta lehenengo aldietako nahiko artxibo polita daukagu. 60ko hamarkadako batzuk egunkariek utzi dizkigute. 80ko eta 90eko hamarkadetako argazkiak Durangoko Photosol argazki dendaren eta hango Jose Luis Angoitiaren bitartez lortu izan ditugu. Sasoi batean, astero joaten nintzen berarengana. Argazki askoren negatiboak zituen. Negatiboak ikusi eta batzuk aukeratzen nituen. "Etorri datorren astean, eta paperean edukiko dituzu", esaten zigun. Pertsona itzela zen eta zenbat lagundu zigun! Liburua berari eskaini diogu.
Noiz eta zelan sortu zen Urkiolako igoera?
Orduan, bazegoen moda bat, lasterketa mota bat, Frantziatik zetorrena: 'Igoerak hotz-hotzean' deitzen zen. Hau da, lasterketa osoa igoera bat zen. Horregaitik, lehenengo aldiak Mañarian hasten ziren eta lasterketaren izena ez zen 'Urkiolako Igoera', honako hau baizik: "Igotzailerik onenaren kriteriuma'. Lehenengo aldia 1931n izan zen eta Sociedad Ciclista Bilbainak antolatu zuen. Gerora, Duranguesak hartu zuen ardura.
Zelan azaldu dakioke Urkiolako Igoera zer zen ezagutu ez duen gazte bati?
Jai bat zen, txirrindularitzaren inguruko ospakizun bat, urtero antolatzen zena. Urterik onenetan jende piloa batzen zuen.
Zuretzat, zeintzuk izan ziren aldirik berezienak?
Marino Lejarretaren garaipenak. Lejarretak irabazten zuenean, jendea zoratu egiten zen. Karisma zuen. Ez pentsa Urkiolako Igoera euskaldun askok irabazi dutenik. Igor Anton eta Iban Mayo dira beste bi. Biek Euskaltel-Euskadigaz irabazi zuten. Mayorena izan zen lehenengoa, eta aldi hura ere berezia izan zen.
Lasterketa hau bueltatzea ezinezko ikusten duzu?
Bai. World Tourra sortu zenean filosofia bat zuen: txirrindularirik onenak lasterketarik onenetan. Momentu bat kenduta, Urkiolakoa erdi mailako lasterketa zen eta une horretatik aurrera ez ziren onenak etortzen. Ezinezkoa zen berriro ere Tony Rominger, Claudio Chiappucci eta halako txirrindulariak ikustea. Horri gehitu behar zaio Eusko Jaurlaritzak egin zuena. Urkiolako Igoera desagertu zenean, 2009an, Jaurlaritzak diru bat inbertitu zuen Espainiako Itzulia Euskal Herritik igaro zedin. Eta euskal lasterketak albo batera utzi zituen; bizitza osoan antolatzen ziren probak erdi hilda geratu ziren. Helburua izena zabaltzea bada, bale, ulertu daiteke, baina helburua euskal txirrindularitza sustatzea bada, ez du zentzurik.
Mari Carmen Diaz de Lezana, zaleak "aho zabalik" utzi zituen emakumea Urterik onenetan, jendetza batzen zen Urkiolako aldatsetan, eta lasterketaren aurretik askotariko ekintzak antolatzen ziren, giroa berotzeko. Esaterako, 1964an, Mari Carmen Diaz de Lezana amurrioarra Urkiola igotzen ikusi zuten bertan zeudenek. Gaur egun ohikoa den irudia ezohikoa zen orduan: emakume bat bizikleta gainean, eta, gainera, Urkiola mendatea igotzen. "Jende guztia aho zabalik utzi zuen. Orduan, emakumeek ez zuten eskubiderik federatuta egoteko, eta ez zegoen lasterketarik eurentzat", dio Bodegasek. Argazkian, Julio Jimenez urte hartako irabazleagaz eta lehenengo aldia irabazi zuen Ricardo Monterogaz batera ageri da Mari Carmen Diaz de Lezana. |