Durangaldeko udalerrietan zainketa lanen "feminizazioa" ematen dela adierazi du Mankomunitateak

Ekaitz Herrera 2021eko martxoaren 5a

Mankomunitateak adierazi du Durangaldeko udalerrietan agerian dagoela "zaintzaren feminizazioa", eta hori berretsi du Zaindu programaren baitan. Iaz, zaintzaile lanak egin zituztenen %70 emakumeak izan ziren.

Honako datu hauek jakinarazi ditu: 2020an zehar Zaindu programan zaintzaile lanak egin zituztenen %70 emakumeak izan ziren. Laguntza psikologikoko tailerretan parte hartu zutenen %90 ere emakumeak ziren. Eta prestakuntza-jardueretan parte hartu zutenen ia %100 ere emakumeak izan ziren. Datu hauek Durangaldeko udalerrietan ere zaintzaren feminizazioa agerian uzten dutela adierazi du Mankomunitateak. 

Hori eraldatzeko lanetan dagoela gaineratu du. Horretarako herritar guztiei zuzendutako sentsibilizazio-programak ipini ditu martxan. Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleekin egindako eskola-sentsibilizazioko kanpaina bat lantzen dabil, zaintzak baloratzeko, zaintzaileak ikusarazteko eta zaintzaile-komunitatearen kontzeptua indartzeko. Hitzaldiak antolatuko dituela ere aurreratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!