Egun, taldea Lander Louridok (gitarra eta ahotsak), Haitz Etxebarriak (baxua), Asier Amok (bateria), Jon Koldo Terak (ahotsa eta teklatua) eta Oier Calvok (gitarra eta ahotsak) osatzen dute; Tera eta Calvo durangarrak dira, eta Orion Child taldeko kide ere badira, besteak beste. Incursed taldeak nazioarteko proiekzioa du, eta, besteak beste, Leyendas del Rock, Milagre Metaleiro eta Metaldays jaialdietan egon izan dira kontzertuak eskaintzen. Zuzeneko musikarako sasoi hobeak ailegatu bitartean, taldekideak pozik eta harro daude 'Baskavigin'-en egindako lanagaz.
Pozik lan berria edukitzen dabilen harreragaz?
Bai, estatuan kritika asko eta oso positiboak jasotzen gabiltza, eta nazioartetik ere heldu zaizkigu, Mexikotik edo Austriatik, esate baterako.
'Baskavígin' deitu diozue diskoari. Zergaitik?
Orain urte batzuk, Islandian euskaldunak hiltzea onartzen zuen legea indargabetu zuten, eta horrek interesa piztu zigun, istorio bitxia iruditu zitzaigun. Garen herria izanik, eta dugun historia edukita, badugu zer kontatu.
Tematika aldetik, azkeneko lanetan ahalegin berezia egin duzue.
Aspalditik genuen buruan kontu hori. Penintsulako taldeak viking metala egiten ikusten genituenean barreak irteten zigun. Gurearen moduko estiloan ohikoak dira vikingoei buruzko berbak. Bakoitzak gura duena egin dezala, noski, baina bikingoak Zaragozan? Mesedez! Amalur diskoan ere, bertako kulturagaz zerikusia duten gaiak jorratu genituen, eta honetan bide horretatik jarraitu dugu. Aldea markatzeko ere baliagarria izan daitekeela uste dugu. Lagun asko dugu hortik zehar metal doinu hauek gustuko dituztenak, eta guk dugun historiagaz eta mitologiagaz beste zerbait eskaini behar genuela uste genuen.
Hala ere, ez da disko kontzeptual bat. Black Hunter abestiko protagonista Mateo Txistu da, adibidez. Patxi porroi, homebrewer edo garagardo egile bati buruz abesten dugu. Bere edariak egiten ditu; probak egiten dabilela, sekulako mozkorrak harrapatzen ditu.
Musika aldetik, ahotsak bereziki landu dituzue.
Zuzenekoetan ez zaigu gustatzen aurretik grabatutakorik erabiltzea. Oier taldera sartu denetik, hiru abeslari peto gaude eta grabatzerakoan horri zukua atera behar geniola uste genuen. Esango genuke zuzeneko ahots horiek gure taldearen identitateagaz lotuta doazela. Ikusleek flipatu egiten dute.
Elderslieden nahikoa hetereoak ziren abestiak; Amalur diskoan, ostera, zuzenagoak. Taldekide aldaketa igarri zen, eta, oraingo honetan, are gehiago.
Oier, zuk eta Jon Koldok Orion Child taldean ere jotzen duzue. Izurritearen eraginez, bira bertan behera utzi zenuten. Incurseden ere eragina izan du?
Atzeratu egin behar izan dugu publikazioa. Badakigu zuzenean aurkeztuko duguna, baina beldur gara lehen kolpe hau ez baliatzeaz. Industria aldatu egin da eta horrek bere alde onak ere baditu. Zaletu lez, milaka talde ezagutzeko aukera daukagu. Horrez gainera, flipatu egiten dugu, 50 herrialdetatik entzuten gaituztelako. Baina guk inbertsioa egin dugu eta diru hori taldera itzultzeko, zuzenekoak beharrezkoak ditugu. Eta guretzat zaletasuna da, baina jendeak ulertu behar du milaka familia bizi dela honetatik.
Eta hemendik aurrera?
Ea hau guzti hau amaitu eta ganoraz jotzeko aukerarik dugun. Metala garagardoa eta pogoak dira. Penintsulatik ahalik eta gehien jo, eta Europara irtetea gustatuko litzaiguke. Putzua igarotzeko aukera badugu, oraindino hobeto. Ondo pasatzea eta ahalik eta gehien mugitzea da gure helburua. Hori da bidea handiagoak egiteko. Esaten den moduan, bidea egitea da garrantzitsuena, eta guk horixe gura dugu, entseatzea eta bidelagunekin elkartzea; metalzaleok familia handi bat gara eta sekulako gogoa dugu eurekin berriro elkartzeko.