Martxoak 8

Ekitaldi sorta Martxoaren 8a gogora ekartzeko

Anboto 2021ko mar. 3a, 10:26

Kontzentrazioak, tailerrak, antzerki emanaldiak, kontzertuak, berbaldiak eta beste hainbat ekitaldi antolatuko dituzte Durangaldean. 

Martxoaren 8ra begira, eskualdeko hainbat herritan ekitaldi sorta antolatu dute. Abadiñon, Anbotoko Mariren inguruko ikus-entzunezkoa proiektatuko dute. Anderea dokumentala emango dute martxoaren 5ean Errotan (dokumentala eta solasaldia euskaraz) eta martxoaren 18an Txanportan (dokumentala gaztelaniaz). Yolanda Mazkiaranek zuzenduriko dokumentalak Mari edo Anbotoko Damaren figura lantzen du. Horretarako, euskal mitologian adituak diren hainbat ikerlari elkarrizketatu ditu altsasuarrak. Felix Guerenabarrena eta Jose Inazio Hartsuagaz gainera, Toti Martinez de Lezea eta Josu Naberan idazleek ere parte hartzen dute. 

Bestalde, Abadiñon kontzertu berezia prestatu dute martxoaren 12rako. Bidane Txopitea sopranoak abestuko du, Iker Ruiz de la Alegria pianistaren laguntzagagaz. Onintza Azkaratek eta Joana Keenek ere abestuko dute Amaia Jaio biolontxelista eta pianistaren laguntzagaz.

Berrizen, El Salvadorreko abortu delitua egotzita espetxeratu dituzten emakumeei omenaldia egingo diete diziplina anitzeko ikuskizunagaz, martxoaren 3an, kultur Etxean, 19:00etan. Hainbat ekitaldi gehiago antolatuko dituzte Berrizen; tartean, Alice Worder abeslari madrildarrak kontzertua eskainiko du martxoaren 6an, Kultur Etxean, 19:00etan.

Mendi martxa

Elorrion emakumeentzako mendi martxa antolatu dute. Bost orduko ibilaldia izango da eta zailtasun ertainekoa izango da, antolatzaileek azaldu dutenez. Martxoaren 6an izango da hori eta 08:30ean irtengo dute, plazatik. Bisita gidatua ere antolatu dute Argiñetara, martxoaren 13rako. Elorrioko egitarauaren barruan, zaintza lanaren eta zaintzaileen inguruko mahai-ingurua antolatu dute martxoaren 9rako. Isabel Otxoa Bizkaiko Etxeko langileen ELkarteko ekintzailea eta Savina Lafita Errotik Kooperatibako kidea izango dira hizlariak. Alazne Mendizabal Elorrioko berdintasun zinegotzia izango da moderatzailea.

Karmele Jaio Iurretan

'Emakumeak eta Literatura' berbaldia antolatu dute Iurretan, Martxoaren 8ko egitarauaren barruan. Gai horren inguruko gogoeta egiteko, luxuzko gonbidatua izango dute: Karmele Jaio idazlea. Josune Muñoz Skolastikako kideak gidatuko du berbaldia. Sarrera presentziala gonbidapenagaz izango da. Berbaldia streaming bidez jarraitu gura dutenek youtubeko kanalean ikusgai izango dute martxoaren 3an, 18:30ean. Izena emateko, email bat eta telefono zenbaki bat ipini dituzte (whatsappa): biblioteka@iurreta.eus eta 688863736.

Zaldibarren, mindfulness tailerra egingo dute martxoaren 3an eta 10ean. Gainera, 'Zaldibar indarkeria matxistaren aurka seinaleak' ekimena aurkeztuko dute martxoaren 8an, eta elkarretaratzea egingo dute Artiako bidegurutzean.

Bestalde, Zornotzan Emakume anitzen eguneroko borroka erakusketa antolatu dute Zelaieta zentroan. "Desberdintasuna, indarkeria, arrazakeria, kolonialismoa eta etengabeko mehatxua gorabehera, euren eskubideen alde borrokan ari diren emakume guztien aurpegiak erakusten dituzten irudiek osatzen dute erakusketa hau", diote antolatzaileek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!