Martxoak 8

"Zertarako den trans legea? Bada, izena eta sexua aldatu gura dituenari amaierarik bako prozesu psikologiko bat ez pasarazteko"

Ekaitz Herrera 2021ko ots. 26a, 15:00

Aldaketa haizeak datoz Madril aldetik. Espainiako gobernua transexualen eskubideak bermatzeko lege proiektu bat prestatzen dabil asteotan, eta transexualen kolektiboak egindako "zor historiko" bati erantzun gura dio testu berriagaz.

Irene Montero Berdintasun ministroaren berbetan, "transexualitatea despatologizatu" gura du lege berriak. Duragoko Kili-Kili LGTB elkarteko kideek begi onez ikusten dituzte zirriborroak planteatzen dituen puntu nagusiak. "Ondo ikusten dut. 2007ko legea aspaldi geratu zen zaharkituta, eta haren ondotik etorritako Euskadiko legeak aurrerapausoa ekarri zuen", azaldu du Iraide Leginak (Zornotza, 1989). "Beti esan izan dut 2007ko legea abiapuntu bat izan zela. Lege berri honek salto handia dakar. Beharbada ez du ezer behin betiko itxiko. Baina orain hutsune batzuk betetzen badira, eta hurrengoan ere beste apurtxo batzuk betetzen badira, bada, modu horretan bidean aurrera egiten arituko gara. Pausoz pauso joatea ondo dago", adierazi du.

1. ZER DIO ZIRRIBORROAK?
Alternatibak binarismoari
Eta zer dio lege zirriborroak? Bada, hainbat gauza, baina honako hauek dira aldaketa nagusiak:  Batetik, Nortasun Agiritik generoa ezabatzeko aukera jasotzen du zirriborroak. Gizon-emakume binarismoan identifikatzen ez diren herritarrek ez dute bat ala bestea direnik adierazi beharrik izango. Eta erabaki hori aplikagarria izango da  lan munduan, osasungintzan edo hezkuntzan. Bestetik, genero identitatea modu askean aldarrikatzeko aukera jasotzen du zirriborroak. Hau da, orain arte, generoa aldatu gura zuenak mediku baten edo psikiatra baten txostena behar zuen ezinbestean, eta lege zirriborroak jasotzen duenaren arabera osasun txosten hori ez da aurrerantzean beharrezkoa izango. Nahikoa izango da norbere borondatea aldarrikatzea. Zirriborroaren beste atal batek adinari egiten dio erreferentzia. Ez da adinez nagusi izan beharko sexuari lotutako erregistroan aldaketak egiteko. Nahikoa izango da 16 urte baino gehiago izatea. Eta 12 urtetik 16 urtera bitartekoek gurasoen edo tutore legalen baimena baino ez dute beharko. Azkenik, osasungintzari dagokionez, Espainiako osasun sistemak bere gain hartuko lituzke hormona tratamenduak, genital-ebakuntzak edo ahots terapiak.

2. ZEIN HELBURU DU?
Sufrimendua arintzea
Lege berriak helburu bat du: transexualitatea despatologizatzea. Edo, beste era batera esanda, egungo genero moldeak pertsona transenxualengan eragiten duen sufrikarioa kentzea. Iraide Leginak ondo daki zer den hori. "Sekulakoak" pasatu arazi zizkioten orain urte batzuk, transitoa egin zuenean. "Esaten zidaten forentse batengandik pasatu behar nuela, noiz eta legeak halakorik eskatzen ez zuenean. Hori izugarria izan zen. 15 edo 30 egunean egin zitezkeen paper kontuak izugarri luzatu ziren. Ez dakit azkenean kasualitatez-edo izan ote zen, baina irakasle batek nire auziaren berri izan zuen eta handik egun gutxira dei bat jaso nuen Durangoko auzitegitik. Horri eskerrak dena bizkortu zen. 18 egunean Nortasun Agiri berria nuen. Hori guztia oso gogorra izan zen. Prozesu hori dena kentzen bada, aurrerapauso bat da", azaldu du.

Eta hori halaxe dela ziurtatzeko, psikiatraren edo medikuaren oniritzirik ez da beharko bakoitzak bere generoa modu askean aldarrikatzeko. "Psikiatrarenera joaten nintzen aldiro, epaitua izaten ari nintzen sentipena nuen. Nire artean nioen: epaiketa bat gura badut epaitegira joango naiz. Hau ez da tokia. Beraz, psikiatraren figura kendu behar da? Psikiatra batek egon beharrean psikologo batek egon beharko lukeela esngo nuke. Laguntza edukitzea da behar dena. Norberari kosta egiten zaio bere burua onartzea, eta familiari ere beste horrenbeste. Psikiatraren figura hortik kentzea aurrerapauso bat da. Altxa dezala eskua noiz edo noiz psikologoaren beharrik ez duenak", adierazi du Leginak. Kili-Kili elkarteko Eider Lauzirikaren (Durango, 1997) esanetan ere, horixe da jarraitu beharreko bidea. "Teoria eta korronte asko sortzen da gai honegaz, baina bat da oinarria: babes legalik barik egon diren horiei babes legala ematea. Zertarako den lege hau? Bada, paperetako izena eta sexua aldatu gura dituenari prozesu psikologiko amaigabe bat ez pasarazteko".

3. ZERGAITIK SORTU DA EZTABAIDA?
Korronteak feminismoan
Lege zirriborroak eztabaida sortu du mugimendu feministaren barruan. Korronte batzuek ez dute testua begi onez ikusten. Haien esanetan, lege berriak atzerapauso bat ekarriko du berdintasunaren bidean. Emakumea subjektu lez itxuraldatuko litzatekeela diote, eta gaineratzen dute indarkeria matxista aterpetzeko aukerak areagotuko liratekeela testu berriagaz. Espainia aldean zalaparta handia sortzen ari dira ahots horiek. Euskal Herrian, ostera, ez. Hemengo mugimendu feministan gaia landu den arren, ez da halako gatazka girorik sortu. Dena dela, Leginak inoiz mespretxu batzuk jaso dituela dio: "Elkarteetan sartu nintzenean, feminista askok ez ninduten emakume lez ikusten. LGTB kolektibo barruan ere bizi izan ditut halakoak. Lesbiana batzuen partetik entzun behar izan dut hilekorik ez dudanez ez naizela emakumea. Baina, tira. Arazo hori haiena da. Iruditzen zait ahots horiek berdintasunaren alde borrokatzen dutela genero binarioen joko-zelaian, baina, gero, ahaztu egiten dutela binarismo horri iskin egin gura dioten herritarrak ere badaudela".

4. AURRERA BEGIRA, ZER?
Etiketarik bako hezkuntza
Gaiari hezkuntzatik aurre egiteko beharrizana azpimarratu dute Kili-Kili elkarteko kideek. Badabiltza aurrera begirako lanetan. "Datorren urteari begirako proposamenak lantzen gabiltza, horiek udalari eta hezkuntza komunitateari aurkezteko", azaldu du Eider Lauzirikak. Bide horretatik, etiketarik bako etorkizun bat margotu gura du Leginak. "Nik ez dut neure burua trans lez ikusten. Transexualitatea prozesu bat da. Batzuek izena aldatu gura dute. Beste batzuek hormonak hartu gura dituzte. Hainbatek ebakuntza gura dute. Baina kaletik banoa eta neure burua trans lez definitzen batut, badirudi beti etiketa bati lotuta joan behar dugula. Zergaitik joan behar dugu etiketa batek lagunduta?", galdetu du.

Bada, erantzunak bilatzeko sasoia da dagoeneko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!