Ilusioz eta itxaropentsu, ikastetxeek eta kirol klubek zuhurtasunez jokatzeko deia egin dute eskola kirolaren bueltan

Joseba Derteano 2021ko ots. 28a, 10:30
(Argazkia: Pedro Moreno)

Aspaldiko partez, eskola kirola bueltan da. Iazko martxotik, aste biko parentesi labur bat kenduta, debekatuta egon da 14 urtetik beherakoen talde kirol arautua praktikatzea. Panorama berriaren aurrean, kirol klubak eta ikastetxeak ilusioz daude, eta itzulera behin betikoa izatea itxaroten dute. Horretarako, erantzukizun kolektiborako deia egin dute.

Durango Rugby Taldeko (DRT)Bambino eskola datorren asteko eguaztenean ipiniko dute martxan berriro. Iazko martxotik geldirik dago. 120 ume zituzten orduan. Orain izen-ematea abiatu dute berriro, taldeak osatu ahal izateko. Ikusteko dago zenbat apuntatuko diren, baina badituzte motiboak itxaropentsu egoteko. "Joan zen astean, 16 eta 18 urtez azpiko taldeekin entrenatzen hasi ginen. Urduri geunden, ez genekielako taldeekin hasteko nahikoa gazte itzuliko zen, baina sorpresa atsegina hartu genuen. Talde bien artean, 35 bat gazte batu ziren. Pentsatu gura dugu eskolagaz ere antzerakoa gertatuko dela", adierazi du DRTko Aratz Gallastegik. Kantitateaz gainera, gazteek entrenamenduan erakutsitako "gogoa" ere azpimarratu du.

Durangoko Kulturala klubeko futbol eskolako gazteak ere bueltatzeko "desiratzen" zeudela dio Oihana Buruaga eskolako kideak. Urtarrilean saio bat izan zuten Durango eremu gorrian sartu aurretik, eta orain 55 umegaz bueltatu dira.

Ilusio berdintsua dute Kurutziaga Ikastolan ere. Joan zen astetik martxan da eskola kirola, eta aukera zabalagaz gainera: futbola, saskibaloia, eskubaloia, pilota, kirol anitzak… Ikastolako neska-mutikoak Durangoko atletismo pistara ere hasi dira joaten. 350 gazte dira guztira, eta "pozik" eta "gustura" dabiltzala azaldu du ikastolako kiroletako koordinatzailea den Unai Zamalloak. "Euren lagunekin eta taldeagaz kirola egitearen premia zuten. Desiratzen egon dira. Orain arte, Ezkurdi plazan eta antzerako lekuetan batu izan dira, baina ez da berdina. Eskola kirolak dakarren taldeko giro hori beste gauza bat da. Ikustekoa da zelan gozatzen duten", adierazi du Zamalloak.

Ez da erraza hainbeste gazte zaintzea eta protokoloei jarraituz segurtasun neurriak zorrotz mantentzea (seiko taldeak gehienez, tenperatura hartu…). "Entrenatzaileak lan itzela egiten dabiltza eta eskerrak eurei", dio Zamalloak. Horrez aginera, boluntarioen eta gurasoen laguntza ere badute. Gero, klub bakoitzak bere neurri propioak ere hartzen ditu, segurtasuna handitzeko. Esaterako, Kulturaleko futbol eskolan familia bereko umeak edo ikastetxe berean ikasten dutenak taldeetan elkarregaz ipintzen ahalegintzen dira, burbuilak ahalik eta gehien errespetatzeko. Bambino eskolan, lehen, astero saio bi izaten zituzten adin tarte batzuetan, baina orain bategaz hasiko dira egoera berriari neurria hartu arte, eta aurrerago gehituko dute bigarren eguna.

Aurrera begira, eskolen eta kirolen arteko topaketak egiten hastea normaltasunean beste urrats bat ematea litzatekeela uste dute. "Eskola kirolean beste aberastasun bat litzateke", dio Zamalloak.

Denek nahi bat dute: oraingo itzulera behin betikoa izatea. "Horretarako, den-denok ipini beharko dugu geuretik apur bat", eskatu du Zamalloak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!