Okela eta arrain hondakinak edukiontzi marroira bota ahalko dira martxotik aurrera

Ekaitz Herrera 2021ko ots. 23a, 11:30

Okela arrastoak, arrain hondakinak, arrautza oskolak,... animalia jatorriko elikagai hondarrak edukiontzi marroira bota ahalko dira martxoaren 1etik aurrera.

Mankomunitateak jakinarazi duenez, martxoaren 1etik aurrera animalia jatorriko elikagai-hondakinak bota ahalko dira edukiontzi marroira. Arrautza oskolak, arrain hondakinak edo okela arrastoak, adibidez. Orain arte hondakin begetalak baino ezin ziren bota. Kontua da Bizkaiko Foru Aldundiak moldaketak egin dituela Alonsotegiko tratamendu-plantan, eta, moldaketa horiei eskerrak, aurrerantzean, animalia jatorriko janari hondarrak ere tratatzeko prestatu dutela planta.  

Durangaldeko herrietan duela bost urte ipini ziren edukiontzi marroiak. Ordutik hona hazi egin da hondakin organikoaren bilketa kopurua. "2016an 99.060 kg izan ziren, eta 2020an 107.290 kg", jakinarazi dute. Bestalde, azaroan hasitako Zure esku dago: hondakina edo lurra gogora ekarri du Mankomunitateak. Kanpainagaz edukiontzi marroia erabilera eta hondakin organikoen konpostajea handitu gura dute. Gaur egun Durangaldeko 1.635 etxe inguruk dute izena emanda, hondakin organikoa gaika batzeko sisteman.

Zer bota ahalko da edukiontzi marroira martxotik aurrera?

  • Animalia-hondakin kozinatuak edo gordinak (haragi, hestebete, arrain eta itsaski-hondakinak, arrautza-hondakinak eta beren azalak, hezurrak zein gazta).
  • Landare-hondakin kozinatuak edo gordinak (fruta-hondakinak, barazkiak, lekaleak, pasta eta arrozak, haziak).
  • Lore eta landare-hondakinak, baratze-hondakinak, belarra eta inausketa-hondakinak.
  • Kafe-hondarrak eta -iragazkiak, te-poltsak, ogi-hondakinak, galletak eta opilak, fruitu lehorrak eta beren azalak, fruta-hezurrak eta kortxo naturaleko tapoiak.
  • Sukaldeko papera, paperezko ezpainzapiak eta mahai-zapiak, kartoizko arrautzontziak eta uhin-kartoi zikina (guztiak materia organikoarekin bustiak).
  • Broxeta eta bestelako elikagaietarako makilak, izozkien makilak eta antzekoak.
  • Txikoria, algak, alpistea, karameluak eta gozokiak, zerealak, irina, marmelada.
  • Poltsa, ontzi eta tresna konpostagarriak.

Zer ezingo da bota:

  • Erraztatutako hautsa.
  • Zigarro-mutxikinak eta hautsontziko hondakinak.
  • Errautsak.
  • Animalien gorozkiak.
  • Katuen hondarrak.
  • Lorontzietako lurra eta zohikatza.
  • Olioa edo beste edozein likido, jatorria gorabehera.
  • Pixoihalak, konpresak eta tanpoiak.
  • Paper-zapi bustiak.
  • Lotura itsaskorrak, esparatrapuak, kotoia, belarrietarako kotoi-txotxak.
  • Sukaldeko papera, paperezko ezpainzapi eta mahai-zapiak, arrautzontziak eta uhin-kartoia, garbiak badaude, hots, edozein substantziaren hondakinik ez badute.
  • Eranskailuak eta gainerako elementu itsasgarriak (fruten azaletan datozenak kendu behar dira edukiontzi marroian bota baino lehen).
  • Konpostagarriak ez diren poltsak eta ontziak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!