Haurreskolak partzuergoko langileek deituta elkarretaratzeak egingo dituzte Abadiñon, Iurretan eta Zaldibarren

Anboto 2021ko ots. 22a, 12:30
Haurreskolak Partzuergoko langileek iazko abenduan Durangon egindako elkarretaratzeko irudi bat

LAB, ELA eta Steilas sindikatuek deituta, Haurreskolak Partzuergoko langileek elkarretaratzeak egingo dituzte, bihar, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako hainbat herritan. Durangaldean, Iurretan, Abadiñon eta Zaldibarren deitu dituzte elkarretaratzeak. Iurretan Frai Juan Askondo parkean elkartuko dira, 15:30ean. Abadiñon, San Trokaz plazan elkartuko dira, 16:45ean eta 17:30ean Zaldibarren, udaletxeko plazan. Iurretako EH Bilduk langileen aldarrikapenekin bat egiten duela azaldu du ohar baten bitartez, eta, "berandu baino lehen negoziazioa abiatzea" eskatu du.

Iurretako EH Bilduk "hezkuntza zerbitzu unibertsala eta familia guztientzako eskuragarria" izango den zerbitzua aldarrikatu du. Horregatik eskatzen diote Eusko Jaurlaritzari, "doakotasuna helburu duten urratsak" ematea, "2018an EAEko legebiltzarrak onartu zuen moduan". Gaur egun, 0-2 urte bitartean egiten den eskaintza publikoa Haurreskolak Partzuergoaren bitartez ematen da, eta, koalizio abertzalearen ustez,  "bada momentua Haur Hezkuntzako 2. zikloagaz batera, umeen beharrak erdigunean kokatuko dituen eskaintza publiko integral bat emateko". Horregatik, "ezinbestekoa" deritzote Haurreskolak Partzuergoa Hezkuntza sailean integratzea.

Iurretako EH Bilduk aldarrikatu du indarrean dauden akordioak eta lan hitzarmena errespetatzea eta betetzea. Era berean, lan hitzarmen berria negoziatzeko bidea zabaltzea eskatzen dute,  "hezkuntza publikoaren gainontzeko sektoreetan bezala". Izan ere, gaineratu dutenez, "langileen egonkortasuna ezinbestekoa da kalitatezko zerbitzua bermatzeko". Azaldu dutenez, "langileen behin behineko tasagaz eta hezitzaileen desplazamenduagaz bukatu"  beharra dago eta "kontsolidazio prozesuak" martxan jartzea eskatu dute.

"Gure haurreskoletara iritsiko diren haur eta familien ongizatea eta jaiotzetik hezkuntza-eskubideak bermatuko dituzten onurak dira greba dinamika honekin bat egitera bultzatu gaituztenak", nabarmendu du Iurretako EH Bildu helarazitako oharrean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!