Pornografiaren kontsumoak edo heziketa sexualaren gabeziak dituen ondorioei buruzko hausnarketa umoretsua

Aritz Maldonado 2021ko ots. 20a, 10:30
Patricia Urrutia, Juanjo Otero eta Jon Zumelaga.

'Porno Vs Afrodita edo I love #gorkaurbizu' antzezlana Berrizko Kultur Etxean egongo da ikusgai gaur, hilak 20, 19:00etan. 

Gaztetxea itxi aurreko azkeneko kontzerturako soinu probara darama ikuslea Porno Vs Afrodita edo I love #gorkaurbizu antzezlanak. Ane, Karmelo eta Unai gaztetxeko taula gainean daude, bateria, gitarra eta baxua parean dituztela; aspaldiko lagunak dira hirurak, 40 urtetik gora dituzte eta euren musika taldearen azkeneko kontzertua izango da. Abiapuntu horregaz, pornografiaren kontsumoak eta harreman sexual eta afektiboek gazteengan (eta ez hain gazteengan) duten eraginaz hausnarketa egitera bultzatuko dute ikuslea. "Gaiak hasieratik eman zigun arreta, gu jada hain gazteak izan ez arren", azaldu du Patricia Urrutia Benetan Be konpainiako zuzendari eta aktoreak. Juanjo Otero aktore iurretarra da obrako beste protagonistetariko bat, Jon Zumelagagaz batera. Beste bina pertsonaiaren azalean ere sartzen dira aktoreak: rock izar idealizatuenean, eta, azkenik, jainkoen mailan dauden Porno eta Afroditarenean. "Argi dugu guk ez daukagula ezeren erantzunik, baina norbere iritziak kontrastatzeko baliagarria dela uste dugu. Gure lan-tresna eta adierazteko modua umorea da, eta taula gainean jarri eta geure buruaz barre egiterakoan indar askatzaile hori martxan jartzea", adierazi dute.

Gai arantzatsua, umoretik
Nafarroako ikastetxeetan abiatutako Skolae hezkidetza proiektuaren ezarpenak sorturiko zalapartagaz hasi ziren Benetan Be-ko kideak antzezlanean beharrean. "Gaia ez da samurra, eta, horregaitik, ikerketa lan sakona egin dugu", esan dute. Alde horretatik ere, pozik daude antzerki konpainiako kideak jasotako erantzunagaz. "Garrantzitsua da esperientziei buruz berba egitea, are gehiago geroago eta isolatuago gauden garai hauetan. Elkarregaz antzoki batean egotea esperientzia bat konpartitzen, jarleku bat tarteko edukita ere, azpimarratzeko modukoa da", gaineratu dute.

'Porno Vs Afrodita' erritmo handiko antzezlana da, eta fisikoki zein emozionalki erronka izan dela nabarmendu du Urrutiak: "Gu aktoreak gara, ez musikariak. Baina aurretik ere ibilitakoak gara musika taldeetan. Antzerkikoa lagun talde bat da, baina urteak daramatzana jotzen, eta asko entseatu dugu hori modu duin batean islatzeko".

Durangon eta Abadiñon
Benetan Be-k urrian estreinatu zuen bere bigarren obra hau, Bilboko BAD jaialdian. Urtea amaitu bitartean, beste emanaldi batzuk eskaini ostean, abiada hartuta dabiltza 2021 honetan. "Oso harrera ona eduki dugu, antzokiak ikuslez lepo eduki ditugu; gaia samurra izan ez arren, umoretik heltzen diogu, tribializatu barik, eta zuzeneko musika jotzeak eta komedia izateak, ba, eragina du publikoarengan". Urtarrilean, Durangoko San Agustinen eta Abadiñoko Errotan eskaini zituzten emanaldiak, eta Urrutiak gogo onez gogoratzen ditu. "Sekulako jaia izan ziren, segurtasun neurriak hartuta, jakina. Ikuslegoak Beste bat eskatzen amaitu zituen emanaldiak, pentsa! Guk abesti batzuk prest ditugu zuzenekoetarako, baina beharbada gehiago prestatu beharko ditugu", azaldu du barreka.

Berrizkoaz gainera, martxoan eta apirilean ere emanaldi ugari dituzte lotuta. Besteak beste, Zornotza Aretoan egongo dira, apirilaren 23an.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!