Bizkaiko 13 futbol klubek "jokalarientzako osasun baldintza arriskutsu eta eskasetan" gauzatuko den lehiaketara buelta salatu dute

Anboto 2021ko ots. 12a, 18:43
Abadiñok KE

Bizkaiko Ohorezko Mailan jokatzen duten 13 futbol klubek  komunikatua kaleratu dute Bizkaiko Futbol Federazioak hartutako erabakien aurrean eta 2020-21 Txapelketaren "presazko" buelta ikusita. Otsailaren 20an eta 21an aurreikusi dute lehia hastea. Klub horien artean daude Abadiñoko eta Elorrioko klubak. Bizkaiko 20 futbol taldek lehiatzen dute maila horretan.

Futbol klubetako kapitainek sinatu dute idatzia, taldekideen ordezkari gisa. "Jokalarientzako arriskutsuak eta eskasak diren baldintzetan gauzatuko da lehiaketara buelta", azaldu dutenez. Ildo horretan idatzian azaldu dute Bizkaiko Futbol Federazioak ez dituela COVID-19a atzemateko testik egin; "birusa kontrolatzeko eta jokalarien artean, talde teknikoaren artean, eta ondorioz, horien gertukoenen artean zabaldu ez dadin", argitu dutenez. Bestalde, gai honetan inplikatutako erakundeen(BFF eta LABI) erabakiak hartzeko "moduak" eta  "arduragabekeria" salatu dituzte.

LABIren "arduragabekeria" salatu dute: "Lurraldeetako federazioei so eginez, erregionalk eta amateur mailakoak diren taldeei estatus erdi-profesionala eman die. Horrek, ordea, jokalarien udalerrien arteko mugikortasuna justiufikatzeko baino ez du balio. Gainera, BFFri erabateko boterea eskaini dio euren ustez egokiak diren protokolo eta neurriak ezartzeko. Baina, argi geratu denez, gizartearen ongizatearenb aurkakoak dira hartutako neurriok".

Jokalariekin "enpatia eta begirune fakta" ere lepoiratu diote BFFri. Era berean,  "gizarte ardura eza" nabarmendu dute, "amateur mailako txapelketa bat gizartearen ongizatearen eta osasunaren aurretik lehenetsiz". Erabakiak hartzerako orduan "gardentasun eta informazio falta" izan direla diote. Bestalde, salatu dutenez, "lehiaketan parte hartzea uko egiten dioten klubek maila galtzeko mehatxuak jaso dituzte BFFren partetik, arestian agertutako arrisku eta prekarietate baldintzak egonda ere".

Jokalarien eskariak

Pandemiaren egoeraren "kontrol zorrotza" exijitu diote Bizkaiko futbol klubek BFFri, Ohorezko Maila osatzen duten taldeetan protokolo eta neurri egokiak ezarriz, maila osatzen duten pertsoen osasuna eta segurtasuna bermatzeko helburuagaz". Horretarako Euskadiko Futbol Federazioak zuzendutako Hirugarren Maila aipatu dute futbol klubetako kapitainek sinatutako idatzian. Honako neurriak eskatu dituzte:

1- Astero test antiogenoak egiten direla bermatu dezala BFFk eta proba horien kostuak federazioak har ditzala bere gain. 

2- Taldeetako delegatuak partidako deialdiko jokalariu guztiek dagokien testa pasatu dutela berrestea.

3- Epaileek euren aktetan delegatuen aitortza jasotzea.

4- Klubak partida guztien aurretik testak pasatu dituztela berresten duen zerrenda bidaltzera behartzea.

Abadiño KE, Abanto Club, Bermeo FT, Dinamo San Juan CF, CD Elorrio, SD Erandio Club, CD Galdakao, Gatika KT, SD Gernika Club "B", CD Getxo, CD Otxarkoaga, CD Sondika eta Uritarra KT taldeetako kapitainek sinatu dute manifestua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!