Mankomunitateko Gizarte Laguntzen %38 etxebizitza errenta ordaintzeko erabili zen iaz

Anboto 2021ko ots. 11a, 11:03

Mankomunitateak 827.547 euro bideratu zituen iaz Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara, duela urte bi baino %5,58 gehiago. Laguntza horien %38 etxebizitza errentari lotutako gastuak estaltzeko baliatu ziren. 

Mankomunitateak iaz eskainitako Gizarte Larrialdietarako Laguntzen diagnosia egin du. Honako datu hauek jakinarazi ditu. Iaz, 827.547 euro bideratu zituen herritarren oinarrizko beharrizanak asetzera, duela bi urte baino %5,58 gehiago, eta etxebizitza errenta ordaintzera bideratu zituen horien guztien %38, hau da, 316.838 euro inguru.

Partidei dagokienez, honela banatu ziren gainontzeko Gizarte Larrialdietarako Laguntzak: %19,30 energia zerbitzuak ordaintzeko erabili ziren (duela bi urte baino %3,30 gutxiago); %15,53 etxebizitzaren mantentze lanetarako (-%0,71); %12,31 kredituak amortizatzeko (-%3,31); %2,52 konponketak eta instalazioak egiteko (+%49,35), eta %1,33 altzariak eta etxetresna elektrikoak erosteko.

Mankomunitateko iturriek adierazi dutenez, Gizarte Larrialdietarako Laguntzekin "gizarte-eskubideak eraginkortasunez baliatzeko tresna pertsonal, sozial edo ekonomiko nahikorik ez dutenen gizarteratzea erraztu" gura dute. Eskatzaileen %63 emakumeak izan ziren. Herriz herri, honako eskari hauek egon ziren: 108 Abadiñon, 10 Atxondon, 371 Durangon, 87 Elorrion, 79 Iurretan, 1 Izurtzan, 4 Mañarian, 25 Otxandion eta 62 Zaldibarren.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!