Durangaldeko hainbat sortzailek parte hartu duten 'Mundu berri bat guztiontzat' egitasmoa aurkeztu dute

Aritz Maldonado 2021ko ots. 6a, 10:20

Bizipoza elkarteak gidaturiko proiektu berri hau, Mundu berri bat guztiontzat egitasmoa, hamaika elkarteren eta 34 sortzaileren elkarlanetik jaio da. Indarra batu dute hamabi abesti eta hamaika bideoklip sortzeko; CD eta DVD formatuetan kaleratu dute.

Durangaldeko hainbat sortzailek ere parte hartu du proiektuan. Leire Bilbaok (Amigo), Unai Iturriagak (Haizearekin jolasean Gari eta Josu Zabalagaz), Miren Amurizak (Maskorraren ipuina Zea Mayseko Aiora Renteriagaz) eta Igor Elortzak (Bizipoza auzolan, dozenaka lagunen parte hartzeagaz) letragile lez parte hartu dute abesti banatan. Mikel Urdangarin zornotzarrak, esaterako, Amigo abestian kantatu du, eta Eñaut Aiartzaguena iurretarra ilustrazioez arduratu da. CD eta DVDaren diseinuan, abesti bakoitzaren letragaz batera elkarteen marrazkiak ageri dira. Xabier Zabala konpositoreak sortu ditu hamabi abestietako doinuak.

Izaera bereziko gaiak lantzen dituzten haur eta familien 35 elkartek osatzen dute Bizipoza. Horietariko hamaikak parte hartu dute Mundu berri bat guztiontzat lanean. "Gizartegintzan euskaraz eta bizipozez jardun gura duten herritarrei auzolan egitasmo eraginkorra eskaini gura diegu, boluntario sare bat osatuz", azaldu zuten taldekideek aurkezpenean. Martxora bitartean, bideoklipak www.bizipoza.eus webgunean publikatuko dituzte. Hamaika elkarteek egunerokoan lantzen dituzten gaiak eta haien errealitateari buruzko abesti eta bideoklipak dira. Elkarte bakoitzaren mezua musikaren, berben eta irudien bitartez gizarteratzeko helburua dute.

Auzmendi gogoan
Egitasmoko Amets bat eskuetan abestia iaz zendu zen Joxe Mari Auzmendiren omenez sortu dute; abestiko hitzak bereak dira, gainera. Auzmendi Bizipozako talde eragileko eta Hik Hasi egitasmo pedagogikoko kidea izan zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!