Zornotza eremu gorritik irtetear dago, 16 egunez jarraian intzidentzia tasak behera egin ostean

Joseba Derteano 2021ko ots. 3a, 13:36

Zornotzaren gaurko intzidentzia tasa 565ekoa da eta 500aren azpitik dago eremu gorritik irteteko muga.

Zornotzak urtarrilaren 19an jo zuen goia. Egun hartan intzidentza tasa 1.270ekoa zen, aurreko egun bien artean 50 positibo pilatu ostean. Konparaketa bat egiteko, azken egun bietan 14 positibo egon dira.

Harrezkero, intzidentzia tasak behera egin du egunero-egunero; hasieran apurka-apurka eta azken egunetan nabarmenago, 565ean kokatu arte. Azken 16 egunetako tendentzia honek jarraitzen badu, bihar etzi eremu gorritik irten daiteke.

Zornotza urtarrilaren 11tik dago eremu gorrian.

Durangon eta Elorrion ere beheranzko joera

Durangoko intzidentzia tasak urtarrilaren 28an jo zuen goia: 1.337. Harrezkero, sei egunez segidan, beherantz egin du 1.155ean kokatu arte, baina Zornotzakoan baino erritmo mantsoagoa darama momentuz. Durangon urtarrilaren 15etik dago eremu gorrian.

Elorrion intzidentzia tasa beherantz doa urtarrilaren 31z geroztik: 657tik 604ra jaitsi da. Hemen ere beheranzko joera apurka ari da ematen.

Abadiñok ez du oraindik goia jo

Eremu gorrian dagoen eskualdeko azken herrian, Abadiñon, intzidentzia tasak 11 egun daramatza gorantza: 296tik 709ra igo da. Atzotik gaurrera igoera txikia eman da (26 puntu) eta ikusi egin beharko da gaur jo duen goia ala ez.

Atxondon eta Berrizen beherantza

5.000 biztanletik behera izanda, neurri murriztailegoak ezarrita dituzten lau herri daude eskualdean. Atxondo, Berriz, Iurreta eta Zaldibar. Lehenengo bietan azken egunetako garapena itxaropentsua da.

Atxondoko intzidentzia tasak zazpigarren egunez jarraian beherantz egin du gaur: 794tik 577ra. Atxondon urtarrilaren 27an piztu zen alarma gorria, hiru positibo eman zirenean. Ez da kopurua handia, baina herri txikietan kasu gutxi batzuek eragin handia izaten dute intzidentzia tasetan.

Berrizen zortzigarren egunez egin du beherantz tasak: 707tik 622ra. Berrizko egunik txarrenak urtarrilaren 24tik 27ra izan ziren: 17 positibo lau egunetan. Alderatzeko datu bat: azken sei egunetan sei positibo egon dira.

Zaldibarren gorantza eta Iurretan tasa altuetan lau egunez

Zaldibarren intzidentzia tasak oraindik ez du beheranzko joerarik erakusten. Azken egunetan gorantz egin du 1.412an kokatu arte. Atzo hiru positibo berri eman ziren eta azken lau egunetan 18 zenbatu dira.

Azkenik, Iurretan urtarrilaren 15etik 27ra eman zen gorakada nagusia: 271tik 1.437ra igo zen tasa. Harrezkero, zenbaki horren bueltan ibili da, apur bat gorago, apur bat beherago. Azken zazpi egunetan 18 kasu eman dira.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!