Durangaldeko atletismo taldeek hainbat domina irabazi dituzte Euskadiko txapelketan

Joseba Derteano 2021ko ots. 1a, 11:16

Julen Bouzo, Judith Otazua, Pablo Martinez eta Xabat Oar-arteta dira txapelketan nabarmendu diren atleta batzuk.

Asteburuan Euskadiko Atletismo Txapelketa —maila absolutuan— lehiatu dute Donostiako Anoeta belodromoan. Durangaldeko hiru taldek parte hartu dute: Bidezabal, Durango Kirol Talde eta Sekulebedarra taldeek.

Bidezabalek domina bi irabazi ditu. Julene Bouzo ermuarrak urrezko domina jantzi du altura jauzian. Gainera, kontuan hartu behar da 20 urtez azpiko maila izanda maila absolutuan gailendu dela. Judith Otazua gernikarra, berriz, brontzezko dominarekin —1.500 metroko proban— itzuli da Donostiatik. Egindako denborarekin Espainiako 23 urtez azpiko txapelketara joateko aukerak ditu. Azkenik, Valvanuz Cañizok pentatloiko proba denak irabazi ditu, baina ez da Euskadiko txapeldun geratu kantabriarra delako.

Durango Kirol Taldeko (DKT) atletei dagokionez, jaun eta jabe izan dira heptatloian: urrea Pablo Martinez de Guereñu bilbotarrarentzat eta zilarra Xabat Oar-arteta aulestiarrarentzat. Horrez gainera, Asier del Arco bilbotarrak zilarra irabazi du 800 metrotan eta Sarai Larrinaga etxebarriarrak brontzea pisu jaurtiketan.

Azpimarratzekoa da Imanol Aiartzaguenaren (DKT) lana ere. Taldekide batzuk lesionatuta daudenez, Euskadiko txapelketan aritzeko aukera eman diote 17 urteko abadiñarrari eta errendimendu oso ona eskaini du 400 metroko proban, 52.01-eko denborarekin.

EMAKUMEAK


Altura jauzia

  • 1- Julene Bouzo (Bidezabal) ---------------- 1.70 metro

Pentatloia

  • 1- Valvanuz Cañizo (Bidezabal) ---------------- 3606 puntu

Pisu jaurtiketa (4 kg)

  • 3- Sarai Larrinaga (DKT) ---------------- 11.10 metro

1500 metroko proba

  • 3- Judith Otazua (Bidezabal) ---------------- 4.39.90

 

GIZONAK


800 metroko proba

  • 2- Asier del Arco (DKT) ----------------- 1.58.00

Heptatloia

  • 1- Pablo Martinez de Guereñu (DKT) ----------------- 4440 puntu
  • 2- Xabat Oar-arteta (DKT)---------------------------------- 3322

Pablo Martinez (erdian) eta Xabat Oar-arteta (ezkerrean) hesien probako une batean.

Julene Bouzo podiumean

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!