Etxeratze agindua ez aurreratzea erabaki du Espainiako Gobernuak

Joseba Derteano 2021ko urt. 20a, 19:00

Eusko Jaurlaritzaren proposamena gaueko mugikortasun ordu-muga 20:00etara aurreratzea zen.

Espainiako hamaika erkidegok -tartean EAEk Eusko Jaurlaritzaren bitartez- etxeratze agindua aurreratzeko eskatu dute osasuneko lurralde arteko kontseiluaren bileran, baina Espainiako Gobernuak ez ditu aintzat hartu eskaera horiek eta indarrean dagoen alarma egoeraren dekretua bere horretan mantenduko du. "Kontua ez da kolpe batean neurri asko gehitzea, baizik dagoeneko indarrean daudenak ondo aplikatzea eta egun batzuk itxarotea neurri horien ebaluaketa bat egiteko. Kasuen hazkundeari aurre egiteko martxan jarritako estrategia nazionalak badakigu emaitzak ematen dituela. Bigarren olatua bizi izan genuenean ikusi genuen hori. Indarrean dauden neurriek hirugarren olatu hau menderatzea ahalbidetuko dute. Ez dut dudarik horretan", azaldu du Salvador Illa Osasun ministroak bileraren osteko prentsaurrekoan.

Gainera, Illak adierazi duenez, "erkidegoek oraindik badituzte erramintak hirugarren olatuari aurre egiten jarraitzeko". Ildo horretatik, Jaurlaritzak bariku honetara aurreratu du Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordea (LABI) -hurrengo eguaztenean batzekoa zen- eta bertan koronabirusaren hedapenari aurre egiteko neurri berriak iragarri ditzake.

Jaurlaritzaren proposamena

Eusko Jaurlaritzak osasuneko lurralde arteko kontseiluaren bilerara eramandako proposamenak hainbat neurri jasotzen zituen: pertsona-taldeak espazio publikoetan eta pribatuetan egoteko muga gehienez ere 4ra murriztea eta gaueko mugikortasunaren ordu-muga 20:00etara aurreratzea (orain 22:00etan ezarrita dago), besteak beste.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!