49 positibo detektatu dituzte Durangaldean, euretako 23 Zornotzan eta 16 Durangon

Maialen Zuazubiskar 2021ko urt. 20a, 12:35

49 positibo detektatu zituzten atzo Durangaldean. Horietatik 23 Zornotzan, 16 Durangon, hiruna Berrizen eta Elorrion, 2 Abadiñon eta bana Atxondon eta Zaldibarren. 

EAEn, 13.774 proba egin zituzten atzo, eta horietatik 1.046 positiboak izan ziren. Horietatik 616 positibo Bizkaian detektatu zituzten, 110 Araban eta 298 Gipuzkoan. Gainontzeko positiboak, 22, EAEtik kanpo bizi diren pertsonenak dira.

Ospitaleetan, berriz, 83 lagun ingresatu zituzten atzo eta ZIUn 97 pertsona daude.

Joan zen barikutik hona Durangoko eta Zornotzako inzidentzia-tasek nabarmen egin dute gora: barikuan, Durangon, 534,4koa zen, eta 870,24koa da gaur. Zornotzan, aldiz, 881,29 zen barikuan eta 1270,09koa da gaur. Gainontzeko herrietan horrela daude inzidentzia tasak. Elorrio eta Abadiño eremu laranjan daude: Elorriok 416,22ko tasa du -barikuan 349,09an zegoen- eta Abadiñok  309,52ko tasa -193,45ean zegoen barikuan-. 

Semaforoen sistema
Osasun Sailak semaforo baten antzeko sistema darabil herrikako egoeraren berri emateko. Eremu horia, laranja eta gorria erabiltzen ditu. Irizpidea ezartzerako orduan, 5.000 biztanletik beherako herrietan, azken 14 egunetako inzidentziak hartzen dituzte kontutan. Horren arabera, 100.000 biztanleko 499 kutsatu baino gehiago dituzten herriak eremu gorrian kokatzen dira. 300 eta 499 bitartekoak, eremu laranjan. Hortik beherakoak, eremu horian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!