“Soka gainean zaudenean, ohiko arazoetatik deskonektatzen duzu eta momentu magikoa da”

Joseba Derteano 2021ko urt. 16a, 13:00

Soka luzea edo 'slackline': bi punturen artean soka bat lotu eta haren gainean aurrera-atzera ibiltzean datzan kirola. Definizio horregaz ez dirudi kirol kitzikagarria, baina sokaren azpian 100 metroko amildegia badago kontuak beste dimentsio bat hartzen du. Xabier Amorrortu soka luzera engantxatuta dago eta joan zen astean Alluitz mendiaren gailurreriako Infernu Zubi pasabidean aurrera eta atzera ibili zen soka gainean. Esperientzia hori afizio bera dutenekin partekatzeko, Zintzilik Emozioen Laborategia sortu zuen iazko udan. 

Zein da Zintzilik Emozioen Laborategia egitasmoaren filosofia? 
Ez dugu sortu abentura-enpresa baten mentalitateagaz. Filosofia honako hau da: naturagazko errespetutik abiatuta, pertsona eta natura konektatzea, bien arteko zubia eraikitzea eta, horren bitartez, emozioei eta sentsazioei atea zabaltzea, terapia baten antzera. Ametsei leku bat bilatzeko bitartekoa da Zintzilik. Gainera, denak aske sentituko diren gunea izatea gure dugu, inor ez behartzea ezer egitera, benetan prest sentitzen diren arte.

Noiztik datorkizu afizioa? 
16 bat urtera arte, kirola futbolagaz lotzen nuen. Orduan, Abadiñoko Gema espeleologia taldeagaz irteten hasi nintzen lehenengo, eta Elorrioko Erdella mendizale taldeagaz gero. Kobazuloen eta mendien munduan murgiltzeak, naturagazko balio berri batzuekin hartu-emanetan ipini ninduen. Ate berriak zabaldu zizkidaten esperientziak bizi izan nituen eta oso esker oneko nago elkarte biei. 

Infernu Zubiko soka soltearen harira: sokak harrietan segurtatzeko prozesua tentu handiz egin beharreko lana izango zela imajinatzen dut. 
Segurtasuna behinena da. Lehenengo eta behin, seguru egon behar dugu anklajeak dauden harriak ez direla apurtuko. Ezagutza bat behar da. Harri desberdinekin probak egin ditugu beste toki batzuetan, eta horrek jakintza bat eman digu. Normalean, lau-bost puntutan segurtatzen dugu soka eta puntu bakoitza 2.000 kiloko pisuari eusteko kapaz da. Beste eginkizun garrantzitsu bat sokak segurtatuko dituen korapiloak egitea da. Korapiloa egiteak erabateko arreta eta kontzentrazioa eskatzen ditu. Ez da lagunari aurreko egunean zer egin zenuen kontatzeko unea. Distrazio guztiak saihestu behar dira. Azken pausoa segurtasun kate osoa ondo dagoela egiaztatzea da, horrek ematen dizu-eta lasaitasuna soka soltea praktikatzeko eta naturagaz konektatzeko.

Zenbat bider esan dizute apur bat zoratuta zaudela? 
Askotan. Ezjakintasunagaitik da. Hain justu, kontrakoa da: burua bere lekuan ez bagenu, ez ginen kapaz izango soka horretan ibiltzeko. Gorputzak eta buruak orekatuta egon behar dute.

Baina ez da denentzako moduko kirola. 
Gauza bat esango dizut. Soka soltea probatzen duenari bizimodua aldatu ahal zaio. Nigaz hasi direnei eta gerora jarraitu dutenei barru-barruraino sartu zaie kirol hau. Soka gainean zaudenean, zure ohiko bizitzako arazoak alboratu ditzakezu; hobeto esanda, alboratu egin behar dituzu. Denetatik deskonektatzen duzu eta momentu magikoa da. Kontua ez da alde batetik bestera ahalik eta arinen pasatzea. Sentitzen duzun bakea da benetan asebetzen zaituena han gainean zabiltzanean. 

Inoiz ibili zara segurtasun arnesik barik? 
Inoiz bai, baina azpian ura nuela, urtegi batean, jakinda ez nintzela hilko. Ezagutzen dut uhalik barik eta azpian urik barik praktikatzen duen jendea. Ez da edonoiz egin daitekeen zerbait. Esperientzia handia duen batek ere ez dizu sekula esango: "Bihar arnesik barik arituko naiz". Momentuan sentitzen den zerbait da, sentimendu sakon bat. 

Soka soltea ez da mendian praktikatzen duzuen kirol bakarra. Badago beste bat soka jauzia izenekoa, ‘puenting’-aren modukoa, baina mendian.  
Urte askotan eta jende askogaz 'puenting'-a egindakoa naiz eta badut lagun bat paraxutista dena. Esperientzia horietan eta espeleologia taldean ikasitakoagaz, eta beste iturri batzuetatik jasotakoagaz probatzea erabaki nuen. Lehenengo soka jauzia Ereñoko harrobian egin nuen eta bigarrena Alluitzen, iazko abenduan. Aspalditik egin gura nuen zerbait da. Toki berriak bilatzen jarraitzen dut.

(Xabier Amorrortu, Alluitzen, Infernuko Zubiaren gainetik soka luzean, joan zen astean)

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!