"Mendiarekiko errespetu falta? Ezin da orokortu, baina kasu batzuetan bai. Neguan, jendea zapatiletan atera dugu Gorbeiatik"

Ekaitz Herrera 2021ko urt. 15a, 19:30

Mikel Lopetegi (Donostia, 1977) Ertzaintzaren mendi-erreskateetarako unitateko kidea da. Sei urte daramatza bertan lanean. Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako mendi-inguru guztiak dira bere eta bere unitateko kideen lan esparru. Iurretan daukate erreskate-lanetarako basea.

Denboralea dela-eta, gora egin al du mendietako erreskateen kopuruak?

Bai, igoera igarri dugu. Ezohiko baldintzak egon dira. Elur pila bat bota du eta horri gehitu behar zaio konfinamenduen eraginez herritarrak gauzak egiteko gogoz egon direla. Nik uste faktore horiek guztiek bat egin dutela. Urte hasiera potentea izan dugu.

Eta erreskateen beraien zailtasuna? Hori ere igo egin al da?

Bai, pixka bat bai. Kasurik kasu aztertu beharko litzateke bakoitza, baina, bai, orokorrean zaildu egin dira. Adibidez, joan den asteburuan Anboton egin genuen erreskatea ondo bukatu zen, baina oso-oso itxura txarra zuen. Baldintzak oso konplikatuak ziren. Gorbeian eduki ditugun erreskateak ere zailak izan dira. Gorbeian, negu aldean, beti dago elurra, baina aurten zailagoa izaten ari da.

"Anboton egin genuen erreskatea ondo bukatu zen, baina oso-oso itxura txarra zuen. Baldintzak oso konplikatuak ziren"

Mendira doan inork ez du erreskatatu beharreko egoera batean bukatu gura, baina, batzuetan hala gertatzen da. Nola sortzen dira egoera horiek?

Mendi erreskateetan bi tipologia nagusi daude. Bat, istripu traumatikoa da. Demagun, jausi egiten zarela eta hanka bat apurtzen duzula. Kasu horretan berdin dio nola jantzita zoazen eta nola prestatuta zauden. Jausi zara. Istripua izan duzu. Erreskateen beste tipologia, berriz,  zabalagoa da eta akats txiki askoren batuketaren ondorioz sortu ohi da. Ondo jantzita ez joateagatik, bidea ondo ez ezagutzeagatik eta mugikorrerako bateria adizionala ez eramateagatik. Horri guztiari gehitzen badiozu lainoa sartu zaigula, bada, arriskuak hartzen gaitu. Azkenaldian izan ditugun erreskateak mota honetakoak izan dira. Ez dira erorketak izan. Lainoa sartu dela, mendizaleak frontalik ez duela eta hotza pasatzen hasi dela. Horrelako faktoreen batuketak eraginda egin behar izan dira erreskateak.

Lasaiegi joaten ote gara mendira? Mendiarekiko errespetua galtzen ote dugu batzuetan?

Ez nuke horrela esango, baina egia da negu honetako baldintzak ez direla arruntak izan. Mendirako beste baldintza batzuetara ohituta gaude. Errespetu falta? Ezin da orokortu, baina kasu batzuetan bai. Negu honetan, adibidez, jendea zapatiletan atera dugu Gorbeiatik. Hori ez da normala. Elurra gerrira arte ia, eta zapatilak. Horrelakoak eduki ditugu. Dena dela, gehien ikusi ditugun erreskateak ondo prestatutako herritarrenak izan dira. Ondo ekipatuta zeuden, bazekiten zertan ari ziren. Gertatzen dena da, baina, oharkabean eguna okertu zitzaiela. Anbototik erreskatatu genuen herritarra, adibidez, ondo prestatuta zihoan, baina eguna okertzu zitzaion.

"Mendiarekiko errespetu falta? Ezin da orokortu, baina kasu batzuetan bai. Neguan, jendea zapatiletan atera dugu Gorbeiatik"

Durangaldea ingurune menditsua da eta bertako herritarrei ez zaie mendirako afiziorik falta. Baina mendi bakoitza ezagutu arren, nola aldatzen da mendi bat elurrarekin?

Pila bat aldatzen da. Aldagai asko daude. Batetik, elurra egiten badu, bideen arrasto guztiak galtzen dituzu. Eta hori, bide arrastoak baldin badaude. Bestetik, lainoa sartzen bada, galtzea oso erraza da. Eta, gero, bada neguak duen beste bereizgarri bat: hipotermia. Arinak izan daitezkeen istripuak asko okertu daitezke hotzarekin. Orkatila bat apurtzea, berez, ez da gauza oso larria. Baina orkatila hori neguan apurtzea, gaua egiten zaizunean, hotzarekin,... hotzak erabat aldatzen ditu joko-arauak. Hipotermia etengabe hor dagoen mehatxu bat da. Horregatik da gomendagarria mendira beti tapaki termiko bat eramatea. Gauzak okertzen direnean ikusten da zein praktikoak izan daitezkeen halako gailuak.

Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzaren erreskate-unitatearen gaueko txanda kendu zuen iazko ekainean. Nola dago auzia?

Erreskate unitateak 30 bat urte daramatza funtzionatzen eta ekainean, abisatu gabe, eta oso ondo zergatik ez dakigula, gaueko txanda presentziala kentzea erabaki zuten. Mobilizazioak egin genituen, eta Segurtasun Sailak erantzun ziguna izan zen urte amaieran egingo genuela berba gaiari buruz. Gabonak iritsi ziren, eta adierazi ziguten gaueko txanda presentziala ez zela bueltatuko. Orain 12 orduko txandak egiten ditugu. Demagun, lanaldia 10:00etatik 22:00etara dudala. Lanaldia bukatuta etxera noa, Donostiara, baina gauez zerbait gertatzen bada, etxetik basera, Iurretara, lekualdatu beharko nuke. Erreskaterako materiala hartuko nuke han, eta, ondoren, erreskate lekura joan. Ez zait operatiboa iruditzen.

Arinak izan daitezkeen istripuak asko okertu daitezke hotzarekin

Zein aholku emango zenieke herritarrei, mendira badoaz?

Ardura berezia ipini dezatela hipotermian. Ondo tapatuta joan, tapaki termiko bat hartu eta poltsa beroak eraman. Beste atal inportante bat komunikazioa da. Operatiboa asko errazten zaigu mendiko koordenaden berri baldin badugu. Beraz, mugikorra beti kargatuta. Gainera, ordezko bateria bat eramatea ere komenigarria da; hotzaren eraginez nabarmen arinago agortzen baita bateria. Frontala eramatea ere, komeni. Eta ingurukoei nora zoazen esan. Txikikeriak dira, baina asko erraztu ditzakete erreskate baldintzak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!