Jatorrizko herri guztiak batuta, plan estrategikoa garatzeari ekin gura dio Mankomunitateak

Ekaitz Herrera 2020ko abe. 18a, 18:41

Mankomunitatea sortu zuten udalerri guztiak batu direnez gero, Mireia Elkoroiribe presidenteak 2021-2024 plan estrategikoa ipini gura du martxan. "Herritar guztien ongizatea erdigunean" ipini gura du planagaz. Bestalde, EAJk gehiengoa izango du aurrerantzean eta ez du Abadiñoko Independenteengan babesa lortu beharrik izango. Edozelan ere, legegintzaldi hasieran Independenteekin hartutako konpromisoari eutsiko diola aurreratu du Elkoroiribek.

Mireia Elkoroiribe Mankomunitateko presidenteak eta Orland Isoird Berrizko alkateak agerraldia egin dute gaur, Astolan (Abadiño), Mankomunitateko egoitza nagusian. Bertako ordezkari politikoek atzo hartutako erabakia izan dute berbagai.

Elkoroiribek "momentu historikoa" dela adierazi du, Berriz batzearen ondorioz, Mankomunitatearen sortzaileak izan ziren udalerri guztiek bat egingo baitute berriro ere. Elkoroiribek marko bateratu hori baliatu gura du orain, Durangalde mailako "erabaki estrategikoak" garatzeko. Horien artean dago 2021-2024 plan estrategikoa. Plan horrek, besteak beste, "herritar guztien ongizatea erdian" ipinitzea du helburu. "Egoera honek aukera bikaina ematen digu. Une hau aprobetxatu gura dugu eskualdea indartzekoa eta zerbitzuak indartzeko", azaldu du. Aurreikusitako lan arloen artean, gizarte politiketarako gaiak daude. Elkoroiriberen esanetan, 2021ean hiru pertsona gehiago egongo dira  gizarte zerbitzuetan. Koordinatzaile bat (postu berria litzateke), administrari bat (postu berria litzateke) eta gizarte langile bat (orain arte Berrizko Udalean lanean egondako behargina inkorporatuko litzateke kargu horretara). "Pozik egoteko moduko" asmoak direla adierazi du Elkoroiribek.

Berrizko alkate Orland Isoirdek "pozik" hartu du atxikimendua. "Plan estrategikoa denok batera egitea ezinbestekoa da. Hobekuntzak eta zerbitzuak denon artean planteatuko ditugu", adierazi du. Berrizko Udalak orain arte emandako gizarte zerbitzuei ere egin die erreferentzia: "Garrantzitsuena ikuspegi orokorra da. Beharbada desberdintasun batzuk egon litezke gizarte zerbitzuen ereduan, baina horiek fintzeko lan egingo dugu", esan du. Isoirden esanetan, Berrizko gizarte zerbitzuek dituzten "indarguneak" Mankomunitatean txertatzeko aukera zabaltzen da orain.

EAJk, bidea libre

Berriztarrek hiru ordezkari politiko izango dituzte Mankomunitateko osoko bilkuretan. Indarrean dagoen legegintzaldia kontuan hartuta, EAJko bi kide eta EH Bilduko bat. Horrek, etorkizunean, eragina izan dezake talde politikoen arteko korrelazio indarretan. Izan ere, bi kide gehiago batuta, EAJk gehiengoa osatuko luke bere kideen botoekin. Hau da: aurrerantzean ez du Abadiñoko Independenteen babesik zertan izan behar (Legegintzaldiko inbestiduran, Javier Crespo Abadiñoko Independenteen ordezkariak biratu zuen balantza jeltzaleen aldera). Hemendik aurrera, honako ordezkariak egongo dira Mankomunitatean: EAJ (16 eserleku), EH Bildu (13 eserleku), Herriaren Eskubidea (1), Abadiñoko Independenteak (1) eta Garaiko Herriko Taldea (1). Mireia Elkoroiribe presidenteak "lasai egoteko" deia egin die Abadiñoko Independenteei. "Legealdi osoko konpromisoa hartuta dugu. Honek ez du ezer aldatzen", adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!