Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta hainbat udalek (Durango, Iurreta, Zornotza, Berriz eta Zaldibarkoak, esaterako) Gabonetako bonuak kaleratu dituzte. Erakundeetatik komertzioa suspertzeko egindako ahaleginak dira. Durangoko Udalaren kasuan, erosleek 15 euroko bonu bi erosi ditzakete, 20 euroko balioa dutenak. Bonuak eskuratzeko epea abenduaren 20ra arte dago zabalik. Bonuak Turismo bulegoan, Landako I kiroldegian eta Arte eta Historia museoan eskuratu daitezke. Baldintza hauek bete behar dira bonuak eskuratzeko: adinez nagusia izatea, kreditu txartelagaz ordaintzea, NAN bakoitzagaz bonu bi bakarrik hartzea, eta, gehienez, 2 NAN agiri aurkeztea.
Horrelako kanpainen onura igartzen ari direla azaldu du Alex Palacios Dendak Bai elkarteko presidenteak, batez ere, komertzioko sektore batzuetan: arropa-dendetan, zapata-dendetan, jostailu-dendetan… "Sektore batzuetan dezente mugitu dira salerosketak", Palaciosen esanetan.
Gabonetako azoka
Komertzioari bultzada emateko beste modu bat azokak antolatzea da: hau da, ekoizleak eta erosleak gune batean hartu-emanetan ipintzea. Bide hori hautatu du Elorrioko Eixu Artisau elkarteak. Abenduaren 18tik 22ra Gabonetako Artisau eta Sortzaileen Azoka egingo du Durangoko Landako Gunean. Bost egunean goizean zein arratsaldean zabalduko dute: 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara.
Guztira, 26 artisau eta sortzaile batuko dira, euretariko 10 Durangaldekoak. Besteak beste, arlo hauetako postuak bisitatu ahalko dira: larrugintza, arropa diseinua, bitxigintza, zura, zestogintza, kosmetika naturala, ilustrazioak eta umeentzako osagarriak.
Azokaren lehenengo hiru egunetan erosketak egiten dituztenen artean 50 euroko bonuak zozkatuko dituzte. Bonu horiek azokan bertan erabiltzeko izango dira.
Artisautzaz "gozatzeko" edo "Gabonetako opari bereziak egiteko" aukera "paregabea" dela uste dute antolatzaileek. "Azokan, mimoz eta maitasunez egindako produktuak daude, detaile eta dedikazio osoz sortutakoak", azaldu dute.
Horrez gainera, Eixuk beste azoka bat antolatuko du Elorrion, abenduaren 23rako: Gabonetako Artisau eta Sortzaileen Azoka. 09:30etik 14:30era egongo da zabalik, Elorrioko plazan.
Otxandion ere askotariko produktuen azoka egin zuten joan zen domekan, Kementsu elkarteak, Udalak eta Gorbeialdek antolatuta eta segurtasun neurriak zainduta.
Ostalaritza zabalik, onerako
Koronabirus kasuek behera egin dute azken asteetan eta, ondorioz, segurtasun protokoloa malgutu du Jaurlaritzak. Joan zen astetik libreki zirkulatu daiteke Bizkaian, eta ostalariek ateak zabaldu dituzte. Ostalaritza zabalik egotea gainerako komertzioentzat "onuragarria" dela uste du Palaciosek: "Lehen, hotzagaz eta euriagaz, jendea lehenago etxeratzen zen. Orain, luzaroago egongo da kalean eta salerosketak berraktibatzen lagunduko du".
Herrien artean libre mugitzeko erabakiari aukerak eta arriskuak ikusten dizkio. "Jendea Durangora etorri daitekeen moduan, kanpora ere joan daiteke, batez ere hiriburuetara", uste du.