Berriz Mankomunitatera batzeak udalerrietako zerbitzu sozialei eragin diezaiekeelakoan kezkatuta dago EH Bildu

Ekaitz Herrera 2020ko abe. 14a, 17:54

Carmen Amezua EH Bilduko zinegotzi berriztarra kezkatuta agertu da inkorporazioak udalerriko gizarte zerbitzuak kaltetu ditzakeelakoan. Gainontzeko udalerrietako ordezkariek ere haien herrietako gizarte zerbitzuei nola eragingo dien ez dakitela kritikatu dute. Prozesua eten ezean, inkorporazioaren kontrako botoa emango duela aurreratu du EH Bilduk.

Durangaldeko EH Bilduko hainbat ordezkarik agerraldia egin dute arratsalde honetan, Elorrioko udaletxean, Berriz Mankomunitatera batzeko prozesuaren aurrean duten irakurketa kaleratzeko. Inkorporazioak udalerri guztietako zerbitzu sozialak kaltetuko ote dituen beldur dira alderdi subiranistako kideak. "Ez dugu ulertzen gizarte zerbitzuak zergatik pasatuko diren Mankomunitatearen eskuetara, pandemia baten erdian, hain justu, udala ari denean zerbitzuak eskaintzen. Mankomunitatera batzeak ez dakigu nola eragingo digun", adierazi du Carmen Amezuak, Berrizko EH Bilduko zinegotziak.

Kontua da inkorporazio prozesua goitik behera burutuko balitz, Berrizko gizarte zerbitzuak kudeatzeko ardura Mankomunitateak hartuko lukeela aurrerantzean, orain arte, horien zati bat Berrizko Udalak berak kudeatu duenean. Horren harira, Amezuak estrapolazio bat egin du. Berrizko Udalak eskaintzen dituen eta Mankomunitateak Berrizi eskainiko lizkiokeen zerbitzuen arteko estrapolazioa egin du. "Mankomunitateak 87.000 bideratuko lituzke Berrizko gizarte zerbitzuetara, Berrizko Udalak, orain arte, zerbitzu horien zati bat estaltzera 310.000 bideratu dituenean". Gizarte zerbitzuetan aurreztuko ote den iradoki du Amezuak: "izan ere, kontuek ez didate irteten".

"Informazio falta"

Gainontzeko udalerrietako kideek azpimarratu dute ez daudela Berriz Mankomunitatera sartzearen alde edo kontra. "Ez gaude hor", esan du Ane Abanzabalegik. "Informazio falta ikaragarria" egon dela  salatu du, eta prozedura osoa "Mankomunitateko presidentearen eta Berrizko alkatearen artean egin  dela. "Informazio falta" horren ondorioz prozesua behar bezala baloratu ezinda dabilela esan du koalizioak. "Ez dugu informaziorik eduki eta honek zer suposatu dezakeen ez dakigu", esan du Lorea Muñoz Izurtzako alkateak. "Honek guztiak gure gizarte zerbitzuei nola eragingo dien kezkatuta gaude. Niri ez dit inork deitu. Elorriok urteak daramatza gizarte zerbitzuak hobetzeko eskatzen. Mankomunitateari herriak ahaztu zaizkiola dirudi", gehitu du Elorrioko alkate Idoia Buruagak. "Erantzun bako galdera asko" daudela iritzita, eta prozesua eten ezean, Berriz Mankomunitatera batzearen aren kontrako botoa emango duela aurreratu du Aitor Lopezek.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!